iruñeko sanferminak

520 ekitaldi sanferminetako egitarau ofizialean

Udalak %10 murriztu du aurrekontua. Barcina kontent azaldu da bere agintaldian festak izandako bilakaeraz; "parte-hartzea handitu egin da, eta batzuk soilik joan zitezkeen espazioak murriztu egin ditugu".

2011ko ekainaren 6a
13:07
Entzun

Iruñeko Udalak 520 ekitaldi antolatu ditu aurtengo sanferminetarako: horietatik 342 musikari buruzkoak izango dira, 137 haur eta familiari lotutakoak, 33 zezenekin zerikusia dutenak eta 8 instituzionalak. Egitarau ofizialaren aurrekontua 2,7 milioi eurokoa da aurten; joan den urtetik %10 murriztu du Udalak.

Aurtengo ekitaldietan bi gunetan izango da babesletza pribatua: Foruen Plazan —lehen bezala— eta Gaztelu Plazan.

Euskal guneak Takoneran jarraituko du. Hango kontzertuak: Arrabots, Zea Mays, Anje Duhalde...

Iruñeko alkate bezala bere azkeneko sanferminak aurkeztu ditu gaur Yolanda Barcinak —larunbat honetan utziko du kargua—, eta gustura azaldu da berak alkatetza hartu zuenetik —1999tik— festak izandako bilakaeraz. "Guztien parte-hartzea handitu egin da, eta batzuk soilik joan zitezkeen espazioak murriztu egin ditugu", esan du Barcinak, udaletxean. Ez du zehaztu zer espazioez ari zen; txosnen gunea izan liteke bat, Udalak kendu egin baitzuen.

Udalak egitarauaren 21.000 ale argitaratuko ditu —gazteleraz eta euskaraz—, eta ale bakoitzak bi euro balioko du. Patrikako aleak ere aterako ditu, 63.000: 45.000 gazteleraz, 7.000 euskaraz, beste 7.000 ingelesez, 2.500 frantsesez eta 1.500 alemanez.

Gora Iruñea! plataformak oraindik ez du aurkeztu bere egitaraua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.