Igandeetan PCR proba gutxiago egin ohi dira, besteak beste, lehen arretako zerbitzuak itxita daudelako, eta halaxe izan da azken orduetan ere: 5.920 test egin dituzte, bezperan baino 1.726 gutxiago, eta larunbatean baino 5.108 gutxiago. Testak apaltzeak, eragina izan du atzeman diren positiboetan: 536 kasu izan dira azken orduetan. Aurreko eguneko zifrekin alderatuta, jaitsiera nabarmena da: bezperan baino 292 gutxiago, eta larunbatean izandako kasuen ia erdiak; 1.027 izan ziren orduan.
Beherakadarik esanguratsuena, baina, ospitaleratze berrien kasuan izan da. Azken orduetan, 30 gaixo berri sartu dira erietxeetara; azken egunetan 40 eta 50en langa gainditu da. Halaber, ia 300 pertsona (295) daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan gaitzaren eraginez; horietatik 35 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.
Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun Sailburuak adierazi du positiboek beherakada «apala» izan dutela, baina oraindik ez dela joeran aldaketarik igartzen. Horretarako, kasuak jaitsi beharko lirateke hainbat egunez jarraian.
Herrialdeka, Bizkaian izan dira kasu gehien beste behin: 225 positiboren berri eman dute. Gipuzkoan, 132 kasu izan dira, Nafarroan, 127 eta Araban azken egunetako zifrarik apalena izan da: 42 kasu. Bestalde, erkidegotik kanpo hamaika kasu detektatu ditu Jaurlaritzak.