Ertzaintzak 60 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean, Azkoitia parean (Gipuzkoa) emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Biktima oinez zihoan GI-631 errepidean, eta erasotzailea, berriz, bizikletan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, gizonak andrea lurrera bota zuen, «sexualki eraso egiteko asmoz»; emakumea, ordea, oihuka hasi zen, inguruan zeuden pertsona batzuk laguntzera joan zitzaizkion, eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Gizonak bizikletaz alde egin zuen, baina bi bizilagunek haien ibilgailuetan jarraitu zioten. Azpeitira iristean, geldiarazi egin zuten, eta bertan atxiki zuten poliziak heldu arte. Sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita atxilotu zuten.
Biktimak 49 urte ditu. Ospitalera eraman behar izan zuten, erasoak eragindako lesioak artatzera. Itaiak kontzentrazioa antolatu du erasoa salatzeko, gaur 19:30ean, Herriko plazan.