600.000 upel «petrolio zikin» iritsi dira Bilbora, Muskizen fintzeko

Ekologistek salatu dute petrolio mota hori «oso kutsagarria» dela, eta protesta egin dute Petronorren aurrean

Protestaldia egiten ari ziren bitartean, kamioien joan-etorria etengabea izan zen atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Muskiz
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Petrolioa agortzen ari da. Petrolio hutsa duten hobiak gero eta urriagoak dira, eta, hortaz, ohiko bilakatzen ari da beste gai batzuekin nahastutako petrolioa fintzea handik erregaia ateratzeko. Baina prozesu hori teknologikoki zailagoa, kutsagarriagoa eta garestiagoa izan da orain arte.

Aleksey Kosigin izeneko petroliontzia iritsi zen atzo Bilboko portura, Kanadatik. 600.000 upel zekartzan, hondar bituminosoetatik ateratako petrolioz beterikoak. Galipotez blaituriko hondarra da harea bituminosoa, eta handik petrolioa ekoitz daiteke, ohikoa baino astun eta trinkoagoa. Lehenengo aldia izan da horrelako garraio bat iritsi dela Europara, gutxi baitira petrolio hori fintzeko teknologiaren jabe diren findegiak. Muskizko Petronor (Bizkaia) da horietako bat; han tratatuko dute Kanadatik iritsitako lehengaia.

Ekologistak Martxan eta Koke Plantaren Kontrako Plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten Petronorren findegiaren aurrean atzo, hain justu garraioetarako kamioiak sartzen diren atearen ondoan. Protestaldiak iraun zuen bitartean, etengabea izan zen kamioien joan-etorria. 30 lagun inguruk Petronor, Repsol eta koke plantaren kontrako oihuak egin zituzten, Repsol hiltzaile eta Petrolio astunak kutsadura gehiago goiburudun pankartak zeramatzatela.

Datorren astean, beste bat

Ekologistak Martxan-eko kide Martin Mantxok ohartarazi du Bilbora iritsitako petroliontziaren etorrerarekin «petrolio zikinen aroa» zabaltzen dela Euskal Herrian eta Europan, eta gaineratu du horrelakoak aurrerantzean «eguneroko ogia» izan daitezkeela: «Datorren astean beste petroliontzi bat iritsiko da Kanadatik antzeko zama batekin, eta gehiago izan daitezke etorkizunean».

Orain arte Europako ateak itxita egon dira horrelako produktuentzat. Baina Kanadak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek sinatutako salerosketa librerako itunen ondorioz, Kanadak ekoizten duen petrolio mota horretarako irteerak bilatzen hasi dira, eta Europan aurkitu dituzte. «Europan bost findegi baino ez daude petrolio hau tratatzeko gai direnak», esan du Mantxok. «Hiru Repsolenak dira, horietako bat Petronorrekoa. Europako Batasunari eskatzen diogu ez ditzala Europako ateak zabaldu petrolio mota honi».

Jatorrian ere, harea bituminosoak ateratzeak baditu ondorioak. Ecologistas en Accion-eko Garraio Saileko koordinatzaile Mariano Gonzalezek azaldu duenez, egurats zabalean irekitako meategi erraldoietatik ateratzen da galipotez blaitutako hondarra, eta horren eragina ingurumenean oso handia da. Gainera, petrolio arrunta baino askoz trinkoagoa da, «eta horrek esan nahi du suteren bat edo isuriren bat egotekotan ondorioak askoz larriagoak izango liratekeela».

Azkenik, petrolio mota honen CO2 isuriak ohiko petrolioenak baino %23 gehiago dira. Ekologisten ustez, petrolio horren erabilera orokortuko balitz, arriskuan jarriko lirateke Europako Batasunak CO2 isurien inguruan ezarritako helburuak; izan ere, 2020rako %20 murriztu nahi dituzte CO2 isurketak. «Petrolio hau hona iristea ahalbidetzeko, orain arte indarrean egon den zuzentarau bat indargabetu behar izan du Europako Batasunak. Horrek esan nahi du Europako Batasunak ingurumenari buruzko bere konpromisoei uko egiten diela AEB eta Kanadarekin partekatzen dituen interes komertzialak lehenestearren», esan du Gonzalezek.

Teknologiaren jabe

Ez dute berdin pentsatzen Petronorren. Findegiaren komunikazio arloa daraman agentziaren arabera, 66.000 tona petrolio gordin arin eta 77.560 tona petrolio gordin astun iristekoak ziren atzo Bilboko portura, lehenengo karga Mexikotik eta bigarrena Kanadatik. Azken hori da polemika sortu duena, baina, komunikazio agentziak adierazitakoaren arabera, Petronorrek urteak daramatza petrolio astuna prozesatzen, horretara egokitutako teknologiaren jabe direlako. Petrolio astuna fintzeko ez ezik, prozesu hori errentagarri bilakatzeko eta ingurumen arauek ezartzen dituzten baldintzen barruan egiteko teknologia badute Petronorren, aipatutako iturriaren arabera.

Ildo beretik mintzatu da Petronorreko Ekoizpen Saileko arduradun Elias Unzueta. «Etorkizuna gero eta petrolio astunagoak fintzeko gaitasunetik dator, ingurumen baldintza gero eta estuagoetan, eta merkatuak eskatutako ezaugarriak dituzten gasolio eta gasolinak lortuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.