Arratsaldeko seietan abiatuko da aurtengo Bertso Eguna, Donostiako Kursaaleko auditoriumean, urtero legez Bertsozale Elkarteak antolatuta. Aurten, garai bateko bertsokera oroitarazi eta omendu nahi izan dute, eta, ondorioz, 60ko hamarkadan plazarik plaza ibiltzen ziren protagonistak izango dira arratsaldeko saio horretako protagonistak.
Honako bertsolari hauek parte hartuko dute saioan: Manuel Lasartek, Joxe Agirrek, Jose Luis Gorrotxategik, Txomin Garmendiak, Gregorio Larrañaga Mañukorta-k, Jon Azpillagak, Patxi Etxeberriak, Imanol Lazkanok, Jesus Albertdi Egileor-ek, Koxme Lizasok eta Joxe Lizasok. Bertsozale Elkarteko arduradunek agertu dutenez, hiru zati izango ditu saioak: lehenik, sukalde giroan kantatuko dute; bigarren zatian, oholtza gaineko saio arrunt bat irudikatuko dute, eta, azkenik, taberna giroan arituko dira.
Arratsaldeko saio horren ondoren, 21:00etan, afari-festa hasiko da Kursaal bertako Martin Berasategiren Jatetxean. Afari osteko saioan, bertsolari gazteak izango dira jaun eta jabe. Honakoek kantatuko dute: Unai Iturriagak, Oihana Bartrak, Miren Artetxek, Arrate Illarok, Kristiñe Txoperenak, Julen Zelaietak, Xabier Silveirak, Jon Maiak, Andoni Egañak, Jone Uriak, Jokin Urangak, Jexux Mari Irazuk, Mikel Mendizabalek, Itxaso Payak, Maialen Belardek, Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok.
Arratsaldeko saiora joateko sarrerak oraindik badaude salgai; afaritarakoak, ordea, dagoeneko agortu dira. Arratsalderako erreserbak 943217798 telefonoan edo Bertsozale Elkartearen webgunean egin daitezke.
Bertsolaritza