Gasteizko Udaltzaingoak 61 urteko gizonezko bat atxilotu du, bikotekide ohiari sexu eraso bat egin izana leporatuta. Urruntze agindua zuen gizonak, eta, gainera, beste kasu batzuengatik ikertzen ari dira: udal txakurtegiko hainbat laguntzaileri sexu jazarpena egin izana egotzi diote.
Gasteizko Udalak zabaldu duenez, atzo gertatu zen erasoa, 17:00etan, Zuia herriko (Araba) aisialdi gune batean. Emakumeak salaketa jarri zuen ordu batzuk geroago, eta gizona atxilotzeko agindua eman zuten.
Bere etxean topatu dute gizonezkoa, eta laster eraman behar zuten epailearen aurrera.
Legazpin, protesta
Legazpiko Udalak protesta bilkura bat antolatu du biharko, 19:00etan, udaletxearen aurrean, herrian emakume batek salaturiko eraso sexista bat salatzeko.
Matraka elkarte feministarekin batera antolatu dute protesta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun alorreko zuzendariak parte hartuko duela esan dute.