PCR probaren bidez lortutako emaitzak ematen hasi zirenetik, gaur atzeman dituzte kasu gehienak Hego Euskal Herrian: 679. Berriz ere, Bizkaia da kezka iturri nagusia; izan ere, 378 kasu atzeman dituzte —atzo baino 86 gehiago—. Kasuak igo egin dira Araban ere: 126 kasuren berri eman dute, bezperan baino hamalau gehiago. Aldiz, kasuak jaitsi egin dira Gipuzkoan eta Nafarroan. Gipuzkoan, 64 kasu detektatu dituzte, atzo baino 28 gutxiago, eta 99 pertsona kutsatu dira Nafarroan, bederatzi gutxiago.
COVID-19aren gaitza zuten 32 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian, eta, denera, hemezortzi gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo 9.886 PCR proba egin zituzten, horietako 8.263 Araban Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgaren hitzetan, orain arte egun bakarrean egindako test kopururik handiena da.
Jarduneko Osasun sailburuak esan du datuek birusaren igoaldi bat erakusten dutela, eta hori «kezkagarria» dela, nahiz eta martxoan baino motelago ari den zabaltzen eta kasuak ez diren horren larriak izan. «Birusa zahar etxeetara iritsi da, berriz ere; 60 urte baino gehiago dituzten pertsona gehiago ari dira gaixotzen. Egungo neurriek balio izan dute alarma egoeraren ondorenerako, baina oraingo egoerara moldatzen jakin behar dugu», esan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoako adineko egoitza batean zegoen pertsona bat hil da COVID-19arekin.