73 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean, Tuteran (Nafarroa) izandako auto istripu batean. NA-134 errepideko 9,7. kilometroan gertatu da ezbeharra: gizonezkoak gidatzen ari zen autoa bidetik atera da, eta eraikin bat jo du.
SOS Nafarroa 112 larrialdi zentroak 10:15ean jaso du abisua, eta Tuterako parkeko suhiltzaileak bidali ditu istripua gertatu den tokira. Suhiltzaileez gain, anbulantzia medikalizatu bat eta Foruzaingoaren Bide Segurtasuneko zenbait patruila ere bertaratu dira.
Gizonezkoa bakarrik zihoan autoan. Istripuaren ostean, ibilgailuan harrapatuta geratu da, eta handik atera behar izan dute suhiltzaileek. Anbulantzian eraman dute Tuterako Reina Sofia ospitalera, eta bertan hil da. Foruzaingoa istripuaren zergatia eta nondik norakoak aztertzen ari da.