Ondarreta hondartzan bainua hartzen ari zen 77 urteko gizon bat hil da gaur goizean, Donostian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 10:40an jaso dute abisua. Lekukoek azaldu dutenez, gizona uretan zegoen, igerian. Bainua hartzen ari zen beste pertsona batek lagundu egin dio uretatik ateratzen, eta hareatzara eraman du. Larrialdi zerbitzuak iritsi bitartean, beste herritar batzuk hasi dira berpizteko maniobrak egiten.
Handik gutxira, Ertzaintza eta anbulantziak azaldu dira, eta osasun langileek bihotz-biriken bizkortzea egin diote, baina ez dute lortu gizona suspertzea. Gorpua Donostiako auzitegi medikuntzako institutura eraman dute, eta bertan autopsia egingo diote.
Surflariak sorosle
Aipatzekoa da azken egunetako beroaldiaren ondorioz, jende andana pilatzen ari dela egunero hondartzetan, nahiz eta denboraldia ez den oraindik ofizialki hasi. Ekainaren lehen hamabostaldian abiatu ohi da denboraldia hondartza gehienetan, eta, horrekin batera, udalek eta foru aldundiek martxan jartzen dituzte sorosle zerbitzuak eta bestelako baliabideak. Aurten, ostera, lehentxeago hasi da eguraldi onaren bolada, eta hondartza batzuetan arazoak sortzen ari dira herritar batzuk itsasotik ezin irtenda geratzen direlako. Kasu batzuetan, surflariak ari dira sorosle lanak egiten.