Laurogei urte beteko dira igandean Sagardia-Goñi familiako kideen arrastoa galdu zutenetik, eta omendu egingo dituzte, haien gorpuak dauden osinaren alboan, Legarrean (Gaztelu, Nafarroa). Indarrez Desagerrarazien Nazioarteko Egunean gogora ekarriko dute 36ko gerrako gertakaririk lazgarrienetakoa. Senideek eta memoriaren aldeko erakundeek kasua berriz ere irekitzeko eskatzen diote Nafarroako Gobernuari.
Ustez, lapurretak egitea, elizara ez joatea eta senarra ez zuen gizonezkoekin oheratzea egozten zioten, besteak beste, Juana Josefa Goñi Sagardiari. Haurdun zegoen 50 metroko sakonera duen amildegitik behera bota zutenean, bere beste sei seme-alabekin batera.
Joxe Mari Esparzak La Sima liburua argitaratu du aurtengo maiatzean, eta han biltzen du Sagardia-Goñi familiaren istorioa eta kasua ikertu ondoren bildutako informazio guztia. Juana Josefa Goñi Sagardiari gertatutako “izugarrikeriaz” hitz egin dio orain gutxi BERRIAri elkarrizketa batean: “Haurdun zegoen. Herri eskuindar eta fededun batean bizi zen. Herrikoek bota zuten hara. Emakume oso ederra omen zen. Lapurreta txikiren bat ere leporatu zioten. Haren hilketaren inguruko txostenean ageri dira horiek denak. Baita apaizak oso begikoa ez zuela ere. Baina horrek guztiak ez zuen balio halako krimena azaltzeko. Irrazionala zen erabat. Gero jakin dugu, ahizpa eta amarekin batera, emakume hura markatuta zegoela herrian sorginkeria kontuengatik”.