84 urteko emakume bat giltzapetuta eta zabor artean zeukan gizonezkoa atxilotu du bart Ertzaintzak, Bilboko Deustu auzoan. 60 urteko gizona emakumearen semea da, eta delitu hauek egotzi dizkiote: familiako ohiko tratu txarrak, legez kanpoko atxiloketa, familia abandonatzea eta animaliei tratu txarrak ematea. Ertzaintzak jakinarazi duenez, atxilotuak giltzapetua zeukan ama, zabor, gorotz eta katu hilen artean, Pagasarri mendiaren inguruko baserri batean. Asteartean erreskatatu zuten emakumea, semea etxetik kanpo zela. Biktima etxean aurkitu zuten, eta Basurtuko ospitalera eraman.
Asteartean, 17:00 aldera, Ertzaintzako patruila batek dei bat jaso zuen Bilboko kanpoaldean dagoen etxebizitza batera joateko. Bizilagunek eman zuten abisua, susmoa baitzuten bertan bizi zen emakumea ez zegoela ondo. Patruila bertaratu zenean, emakume bat entzun zuten oihuka, etxe barrutik laguntza eske.
Ertzainak etxebizitzara sartu ziren, eta adineko emakume bat aurkitu zuten gela batean itxita. Atearen heldulekua beste ate bati lotuta zegoen, irekitzea eragozteko; beraz, emakumeak ez zuen aukerarik gela hartatik irteteko. Gainera, abandonu zantzu nabariak zituen. Hortaz, osasun arloko unitate bat bertaratu, eta ospitalera eraman zuten emakumea.
Poliziek egiaztatu zuten etxeak baldintza higieniko txarrak zituela, eta desnutrizio zantzuak zituzten hainbat txakur ere aurkitu zituzten barruan; horiei ere eman zieten laguntza.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotua epailearen aurrera eraman dute. El Correo egunkariak argitaratu duenez, gizonak polizia aurrekariak ditu. Giza hilketagatik eta giza hilketa egiten saiatzeagatik epaitua zuten 1996an eta 2021ean, besteak beste.