9.604 nafarrek jaso dute gizarte larrialdietako laguntza bi hilean

2015 amaieran onartu zituen Nafarroako Gobernuak laguntza berri horiek, eta berehala gauzatu zituen.Tokiko entitate gehienek «balorazio ona» egin dute

Iruñea
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lehen aldiz banatu ditu Nafarroako Gobernuak GLL gizarte larrialdietarako laguntzak. Orain arte zeuden ezohiko laguntzetatik «harago joanez», 9.604 pertsonek jaso dute euren oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko diru sailen bat. Bi milioi euroko aurrekontua onartu zuen gobernuak azaroan eta abenduan banatzeko. Udalak eta gizarte zerbitzuak arduratu ziren horretaz, eta, guztira, 1,6 milioi euro banatu zituzten; bi hilabeteko tartea izan arren, batez beste zortzi egun behar izan zituzten laguntzak adjudikatzeko. 2016ko aurrekontua ere bi milioi euro da.

«Gizartearen egoerak okerrera egin zuela ikusita, erantzun azkar bat ematea erabaki genuen». Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak atzo egin zuen laguntzen txostenaren aurkezpena, eta, oraindik ebaluazio prozesuan dauden arren, «balorazio positiboa» egin zuen. Jakinarazi zuen tokiko 30 entitatek baliabideen %100 banatu dituztela: «Gauzatze maila oso altua izan da». Laguntza horiez gain, enplegua sustatzeko beste 1,5 milioi euroko saila banatuko dute 2016an.

Helburuei dagokienez, ia aurrekontuaren erdia (%45) etxebizitzako ohiko gastuetara bideratu da: alokairua, hipoteka, energia fakturak, eta abar. «Etxe kaleratzeak saihesteko tresna esanguratsua izan da», jakinarazi du lehendakariordeak. 1.409 laguntza banatu dituzte sail horretan bi hilean; aurretiaz zeuden ezohikoekin, urte osoan 883 laguntza eman ziren. Elikadura eta osasunerako eta gizarteratzeko ere diru sailak izan dira.

Tokiko entitateak, pozik

Orotara 5.345 laguntza banatu dituzte 3.240 familiatan; 9.604 pertsona izan dira onuradun. Gema Mañu Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendariak ohartarazi duenez, 45 gizarte zerbitzuetatik 42 «oso pozik» agertu dira laguntza berri horiekin. Tokiko entitateek aipatutako hainbat puntu nabarmendu ditu. Besteak beste, laguntzen kudeaketa haien esku uztea eskertu dute, era horretan egoera «kaskarrean» dauden pertsona ugarirengana lehen aldiz hurbiltzea lortu baitute.

Modu berean, diru laguntzak emateko irizpideak ere aldatu izana estimatu dute, «ezohiko laguntzek ez zituztelako sortu diren behar berriak asetzen». Bestalde, Mañuk familia askok bizi duten estres egoera arindu izana goraipatu du, GLLei esker, faktura ugari ahalik eta azkarren ordaintzeko aukera izan dutelako.

Dena den, tokiko entitateek iradokizun batzuk ere egin dituzte. Adibidez, gobernuari eskatu diote aurtengo deialdia ahalik eta azkarren egiteko, eta entitate bakoitzari bideratutako kopurua igotzeko. Etxebizitzako energia hornikuntzetara diru sail handiagoa bideratzea ere galdegin dute, kasu batzuetan gobernuak banatutako laguntzak ez baitira nahikoa izan oinarrizko behar guztiei erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA