Akitania Berria eskualdeko prefeturak iragarri du: Baiona eta Bordele (Okzitania) lotzen dituen A63 autobidea berriz irekiko dute gaur, 14:00etan. Bidea joan den igande gauetik dago hetsia, Girondako eta Landetako suteengatik: agintariek auto gidariei galdegin zieten ez zitezela joan Euskal Herritik Landetara buruz, suteak itzaltzeko lanetan ez eragiteko.
Zehazki, irteera hauek itxi zituzten: Bordele, Baiona Iparraldea (6. irteera), Ondres (7.a), Capbreton (8.a) eta Saint-Geours-de-Maremne (9.a). Gaurko 14:00etarik goiti, beraz, berriz erabiltzen ahalko dira bide horiek.
Igandeaz geroz, hainbat auto metaketa izan dira Baionan gaindi, lanera sartzeko eta lanetik ateratzeko tenoreetan batez ere: autobidea hetsia zenez, hiriko bideak eta hiri ingurukoak berehala bete dira. Autobidea berriz irekitzearekin batera, ondoko orenetan zirkulazioa lasaituko da, seguruenez.
Trenen garraioari dagokionez, abiadura handikoek geldirik segitzen dute: Hendaia eta Baiona artekoak geldirik dira, baita Paue (Okzitania), Arcachon eta Parisera buruzkoak ere. Gaueko trenak berdin: lineak hetsiak egonen dira igandera arte, hots, agorrilaren 2ra arte. Euskal Herrira iristeko, bidaiariek Tolosatik pasatu behar dute ezinbestez, eta Tarbesetik eta Pauetik gero. Â
Eskualdeko trenei dagokienez, Ipar Euskal Herritik Frantzia iparraldera buruz joan daitezke, baina Morcenxeraino baizik ez.
Suteak, egonkortuak
1949tik Frantzian izan den suterik handiena izan da Girondakoa. Denera 42.000 hektarea erre ditu. Girondako prefeturak goizean adierazi duenez, sei su aktibo dira oraindik, baina denak egonkortuak dituzte. Horrek erran nahi du oraingoz lortu dutela egoera ez larritzea, baina sutea itzaltzekoa dela oraindik. Igandeaz geroz, erretako hektarea kopurua egonkortu da.
Ortzantza etortzekoa da ondoko oren eta egunetan, eta, beraz, giroa freskatzekoa: hala, espero dute suteak kontrolpean atxiki eta emeki-emeki itzali ahal izatea.
Landetako suteari dagokionez, kudeatua dute; ingurua segurtatzeko lanetan ari dira suhiltzaileak.