Gemini, ChatGPT, Claude eta Deep Seek. Egunerokoan gero eta txertatuago daude AA adimen artifiziala oinarri duten txatbotak; izan bidaia bat antolatzeko, matematika ariketa bat ebazteko edota etxeko txoko batean galduta zegoen haize makina nola erabili jakiteko. AAren erabilerak, baina, hamaika arazo dituela ohartarazi izan dute adituek. Hori dela eta, hamar unibertsitatek ConfIA sarea sortu dute, AA «fidagarri» eta «arduratsu» bat lortze aldera. Talde horretan dago EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Hitz zentroaren bitartez.
ConfIAk helburu du elkarlan zientifikoa bultzatzea eta AAren inguruko ekintza estrategikoak koordinatzea, AA sistema «indartsu, seguru, garden, ulerterraz, jasangarri eta erabiltzailearen pribatutasunarekin begirunea duena» lortu ahal izateko. Hori dela eta, ikerketa proiektuak hauspotuko dituzte, finantzaketa bideak aztertu, eta baliabide zein jakintzak zabaldu unibertsitateen artean.
Izan ere, EHUz gain, beste bederatzi unibertsitatek osatzen dute proiektua: Valentziako Unibertsitate Politeknikoak, Alacanteko Unibertsitateak, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak (Herrialde Katalanak), Coruñako Unibertsitateak, Santiagoko Unibertsitateak (Galizia), Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak, Granadako Unibertsitateak, Jaengo Unibertsitateak eta Sevillako Unibertsitateak (Espainia).
Jakintza gizarteratu
Elkarrekin ikerketa proiektuak egitea, diru laguntzak lortzeko deialdietara batera aurkeztea, doktorego programak bultzatzea eta ikerlariak lekualdatzeko aukera ematea aurreikusi dituzte gaur egin duten aurkezpenean. Horiek horrela, «gaitasun zientifikoa indartzea», «ikerketen eragina handitzea» eta lortutako emaitza horiek «gizartearen mesedetara erabiltzea» dira hamar unibertsitateen xede nagusiak.
Ez da lehen aldia EHUk AArekin lan egiten duela. Are gehiago, euskarazko testuekin soilik elikatutako txatbot bat aurkeztu zion BERRIAri iaz: Latxa. Txatbot hori oraindik ez dute jendaurrean zabaldu, baina urratsak egiten jarraitu dute.