Euskal presoak

Abaigar, Arburua, Lopez de Luzuriaga eta Barriosen atxiloketak salatu dituzte

Protestak izan dira herriz herri, Etxerat eta Jaiki Hadi elkartearen kontrako operazioaren kontra. 17:00etan bilera berezia egin dute eragileekin Donostian, eta prentsaurreko masibo batera deitu dute biharko, 11:30ean, Antiguako frontoian. Gaur goizean, Etxerat-eko Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar, eta Jaiki Hadiko Oihana Barrios eta Fernando Arburua preso ohia atxilotu ditu Guardia Zibilak.

Protesta jendetsua egin dute Gasteizen, atxiloketak salatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Enekoitz Esnaola-Lohizune Amatria-Ainhoa Oiartzabal
2015eko martxoaren 25a
07:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxerat elkartearen arabera, gaur atxilotuek presoen eskubideen urraketen aurkako lan "publiko eta gardena" egiten dute. "Eraso honi erantzutea ez dagokigu guri soilik: gizarte osoari dagokio", nabarmendu du elkarteak. Arratsaldean, eragileekin bildu da LABek Donostian duen egoitzan. Biharko, berriz, prentsaurreko masibo batera deitu du Antiguako frontoian, Donostian, 11:30ean. Maider Alustizak hitz egin du senideen izenean. 

Hainbat mobilizazio egin dituzte herriz herri, atxiloketak salatzeko eta Barrios, Arburua, Lopez de Luzuriaga eta Abaigar aske utz ditzatela eskatzeko. Gasteizen, esaterako, manifestazioa abiatu da Andre Maria Zuriaren plazatik, 19:30ean.

Euskal presoen senideen Etxerat elkartearen eta presoen osasuna zaintzen lan egiten duten profesionalen Jaiki Hadi elkartearen hainbat kide atxilotu ditu Guardia Zibilak gaur goizean. Barne Ministerioaren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde "desberdinen" koordinazio gunean parte hartzen zuten. Operazioak zabalik jarraitzen du. 

Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar Etxerat-eko ordezkariak atxilotu dituzte, Zamudion (Bizkaia) lehena eta Kanpezun (Araba) bigarrena; Fernando Arburua preso ohia Donostian atxilotu dute; eta Iruñean, Oihana Barrios psikologoa. Biak ala biak presoen osasun baldintzak hobetzeko lan egiten duen Jaiki Hadi elkarteko kide dira. 

Atxiloketekin batera, miaketak egin dituzte atxilotuen etxeetan; Zamudiotik, Aguraingo etxera eraman dute Lopez de Luzuriaga. Goizeko bederatzietatik ordu batak eta erdira arte iraun du erregistroak. Jone Goirizelaia abokatua bertan izan da. 

Oihana Barriosen etxearen erregistroan, berehala bildu dira herritarrak Tejeria eta Mercaderes kaleak batzen diren tokian. 50 lagun inguru izan dira, eta "atxilotuak askatu" oihuen artean eman dute goiza, Barriosi elkartasuna adierazi nahian. Bertan izan da Jaione Karrera abokatua ere. Miaketara sartzen saiatu da, baina ez diote sartzen utzi. Ofiziozko abokatua jarri diote Barriosi, eta harekin batera izan da bere etxeko erregistroan. Bost orduz ibili dira erregistratzen. 

Hainbat kutxa atera ditu Guardia Zibilak Barriosen etxetik, 12:30ean. Herritarrak oihuka hasi dira mugimendua sumatu orduko: "Animo, Oihana". Ofiziozko abokatua atera da. Ondoren atera dute Barrios. Autoan sartu dute, eta azkar hutsik utzi dute kalea. "Alde hemendik, utzi bakean". Txaloka agurtu dute Barrios, askok malkoei eutsi ezinik. Irribarre batekin erantzun du hark.

Nagore Lopez de Luzuriagak berriki parte hartu du Etxerat-ek Eusko Jaurlaritzarekin eginiko bilkuran, otsailaren 25ean. Ordu eta erdi pasatxo bileran egon ostean Jaurlaritzak igorritako oharraren arabera, "modu adeitsuan eta eraikitzailean" egin zen bilera. Etxerat-eko presoen senideek zehaztu zuten pairatzen duten sufrimendua izan zela bileraren ardatz.

Izaskun Abaigarrek Etxerat-ek Europako Legebiltzarrean eginiko bilkuretan esku hartu zuen. Euskal presoen sakabanaketa politikaren eta horrek presoen senide eta lagunei eragiten dien "sufrimenduaren" berri eman zuten bertan. Hamar europarlamentari bildu ziren euskal presoen senideekin. Horrez gain, Jan Peumans Flandriako Parlamentuko lehendakariak harrera ofiziala egin zien.

Laugarren polizia operazioa euskal presoen babesaren kontra

Euskal preso politikoen babeserako elkarteen kontrako laugarren polizia operazioa da polizia iturriek Pastor izenez bataiatu duten polizia operazio hau. Urtarrilean atxilotu zituzten euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioaren jarraipena litzateke, eta hari, berriz, urtebete lehenago eginiko beste batek eman zion bide.

2014ko urtarrilean Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak atxilotu zituzten, besteak beste. Presoen kolektiboak izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak ziren. Hilabete batzuk lehenago, Herrira mugimenduaren kontra jo zuen Espainiako Gobernuak.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "ETAren kartzeletako frontearen kontrako" operazioa da gaurkoa. Haren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde "desberdinen" koordinazio gunean parte hartzen zuten. Ez du zehazten erakunde horiek zeintzuk diren.

Polizia operazioak zabalik jarraitzen duela adierazi du Espainiako Barne Ministerioak. Guardia Zibilaren presentzia handia izan da Iruñean. Baita Donostian ere, Altza auzoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.