Abenduaren 19an Egunkaria libre! lelopean manifestazio nazionala egingo dute Bilbon (17:00etan) eta gaur deialdi horrekin bat egiteko argazki erraldoia atera dute hainbat herritan.
Gipuzkoako Donostian, Hernanin, Lezon, Zarautzen, Zumaian, Deban, Lazkaon eta Beasainen egin dituzte agerraldiak. 19:30ean Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa) bilduko dira.
Lezoko Egunkaria-ren aldeko herri batzordeak deituta, hamarnaka lezoar elkartu dira udaletxearen parean gaur eguerdian, Egunkaria Auzia-ren baitako auzipetuei babesa emateko. Herriko hainbat elkartetako eta eragiletako ordezkariak bildu dira bertan, baita herritar anonimoak ere.
Zarautzen Musika plazan bildu dira. Bertan herritar ugari bildu da, tartean aurpegi ezagunak, besteak beste, Joxean Agirre, Anjel Lertxundi eta Mitxel Murua idazleak, Imanol Murua Uria kazetaria, Amagoia Iban kazetari eta idazlea eta Hodei Esteban musikaria.
150-200 lagun inguru elkartu dira Zumaian Egunkaria libre! lelopean. Eragileak, elkarteak, alderdi politikoak, kirol taldeak... denetariko ordezkari ugari izan da Egunkaria auziko auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Bihar Barakaldoko BECen (Bizkaia), Bertsolaritza Txapelketako Finaleko etenaldian, auzipetuak diruz laguntzeko materiala erosi ahal izango da.
Hiru egun barru hasiko da epaiketa
Asteartean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Dignidad y Justicia eta AVT dira herri akusazioak.
Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
eGUNKARIA AUZIA. 3 egun falta dira epaiketarako
Abenduaren 19ko Bilboko manifestazioarekin bat egiteko elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herritan
Donostian, Hernanin, Lezon, Zumaian, Zarautzen, Deban, Lazkaon eta Beasainen egin dituzte agerraldiak. 19:30ean Urretxu-Zumarragan bilduko dira. Bihar BECen, Bertsolaritza Txapelketako Finaleko etenaldian, auzipetuak diruz laguntzeko materiala erosi ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu