Abentura kiroletan ere erreskateak kobratzea babestu dute PP eta PSEk

Arduragabe jokatzen dutenei eta abentura kiroletan aritzen direnei kobratu beharreko prezioak adostu ditu Eusko LegebiltzarrakPPk eta PSEk soilik babestu dute neurria; osoko bilkuran onartzea besterik ez da falta

Ertzaintzaren sorospen talde bat, 2011ko otsailaren 11n Donostiako Ulia mendian erreskate simulazio bat egiten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abentura kirolak egiten dituzten kirolariei ere salbamendua ordainaraztearen alde agertu daEusko Legebiltzarra. PPren eta PSE-EEren aldeko botoei esker onartu dute tasen eta prezio publikoen gaineko lege proiektua Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean; baztertu egin dituzte EAJk, Aralarrek eta UPDk aurkeztutako zuzenketak. Hala, lege bihurtzeko bidean azken langa gainditzea falta zaio arduragabekeria kasuetan eta abentura kiroletan salbamendua ordainarazteko asmoari: osoko bilkuran onartzea.

Aurrera egiten badu, abentura kirolak egiten dituzten kirolariei eta mendian zuhurtziarik gabe jokatzen dutenei eragingo die arauak. Lau multzotan mailakatzen ditu erreskatea eskatuz gero hura ordainarazteko irizpideak. Bilaketa edo salbamendu lanak pertsonentzat «arriskutsu» diren jolas edo kirol jarduerak egitearen ondorio direnean; lan horiek arrisku seinalea jarrita dagoen lekuetan edo sarbidea mugatua edo debekatua dutenetan egiten direnean; aurkako fenomeno meteorologikoen ondoriozko alerta laranja edo gorria dagoela egiten direnean, eta zerbitzua «objektiboki justifikatutako arrazoirik gabe» eskatzen denean edo arriskua dagoelako itxurak egiten direnean.

Soilik PPk eskatutako zuzenketak egin du aurrera; lege proiektuak jasotzen zituen prezioak jaisteko eskatu du. Hala, sorospena helikoptero bidez ematen denean, orduko 2.093 euroko kostua izango du. Laguntza ordaindu behar dutenentzat erabilitako ibilgailu bakoitzak 38 euroko kostua izango du orduko. Itsasontzi bidez salbatu behar baldin bada, 383 euro ordainduko dituzte, itsasontziak hemezortzi metro baino gutxiagoko luzera duen kasuetan, eta 2.017 euro, itsasontziak luzera hori gainditzen badu.

EAJk, Aralarrek eta UPDk lege proiektuaren aurka egin dute, PPk eta PSE-EEk ez baitituzte haien zuzenketak onartu. Egitasmoaren alde bozkatzeko prest legokeela argitu du Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk, baina, horretarako, erreskatearen ordainketa jokabide arduragabea duten kasuetara mugatu behar dela zehaztu du. EAJko Leire Corralesek ziurtatu du Espainiako autonomia erkidego ugaritan arautu dutela tasa hori, baina oroitarazi du ez direla kobratzera ailegatu: «Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdi zerbitzua erreferente da Espainian, eta ezin da egokitu erreskate tasa batera». UPDko Gorka Maneirok, aldiz, esan du tasa hori «gehiegizkoa eta baztertzailea» dela eta ez duela balio larrialdi egoerak murrizteko: «Larrialdi deiak atzeratuko ditu, eta horrek kostu eta ezbehar gehiago eragin ditzake».

PPko legebiltzarkide Antton Danborenearen arabera, «jokaera arduragabeak» zigortu nahi dituzte, eta hainbat kirol jarduera «soilik federazioen lizentziaren babesarekin» egin daitezkeela oroitarazi nahi dute. Horretaz gain, ekimenaren aurka agertu diren alderdiei ikusmoldea «bitan pentsatzeko» eskatu die PSE-EEko Joana Madrigalek, eta proiektua «lehenbailehen» osoko bilkurara eramateko nahia azaldu du.

Salbuetsitakoak

Lege proposamenak jasotzen du hainbat kasutan ez dela ordaindu beharko salbamendurako tasa. «Interes orokorreko arrazoiak» direla medio edo hondamendi publikoko egoerak gertatzen direnean, esaterako. Horrez gain, laguntza ordaintzeaz salbuesten ditu 16 urtez azpikoak, edozein urritasun psikiko dutenak eta erreskatean edo aurreko fasean hildakoak, edo ondorengo fase batean hildakoak, baldin eta salbamendua eragin zuten arrazoiengatik hil badira.

Salbamendu lanak herritarrei ordainarazteko asmoak aurrekariak ditu Europan. Suitza izan zen aitzindaria; gaur egun,ez dute inor laguntzen federatua ez badago edo salbatzea bermatuko duen asegururik ez badu. Aldiz, Frantzian doakoak dira sorospenak, baita zuhurtzia faltagatik gertatzen direnean ere. Laguntza arrazoirik gabe eskatzen dutenean isuna jartzen dute, baina epaile batek erabaki behar du beti dei egiteko arrazoirik egon den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.