Bagira prozesuaren ondotik, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea izenarekin antolatu diren ezkerreko abertzaleek Baionan ospatuko dute aurtengo Aberri Eguna, apirilean 5ean. Euskal Herria. Etorkizuna. Itxaropena lelopean antolatu dute eguna, eta manifestazioa, herri bazkaria eta kontzertuak antolatuko dituzte. Munduan diren desoreken aitzinean «Euskal Herriaren alde ekiteko garaia» dela aldarrikatu dute: «Etorkizuna gure esku har dezagun».
Maddi Kintana eta Catherine Chantecaille mintzatu dira Aberri Eguneko deitzaileen izenean, gaur Baionan egin duten agerraldian. «Mundu mailako testuinguru konplexua» aipatu dute: «Eskuin muturraren emendatzea, eta herrien burujabetza eta etorkizuna arriskuan ezartzen ari den inperialismo garai ilunak ezagutzen ari gara. Halako garai historikoek potentzia nagusien arteko lehia, aberastasunaren metaketa, gerla eta herrien azpiratzea izaten dituzte ezaugarri nagusi».
Europako Batasuna «noraezean» ikusten dutela erran dute, eta Frantziako eta Espainiako estatuetako «krisi politiko-instituzional sakonaren eragina» ere aipatu dute. «Parisen hartzen ari diren erabakiak kalte egiten ari zaizkie Ipar Euskal Herriko instituzioei eta oro har jendarteari, murrizketa fase gogor bat bizi dugulako». Horiek horrela, ezkerreko abertzaleek «arriskuan» ikusten dituzte azken urteetan hainbat gaitan lortutako aitzinamenduak, hala nola euskararen, ekologiaren eta laborantzaren arloetan. «Horri gehitu behar diogu eskuin muturreranzko eta faxismoranzko lerratze kezkagarria. Demokraziaren oinarrizko printzipioak arriskuan jartzen dituen oldarraldi betean gaude».
Fronte zabala
Ezkerreko abertzaleek argi dute: «Hemen bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazio bat badela aldarrikatzea ezinbestekoa zaigu». Bien beharra ikusten dute: burujabetza politikoa eta burujabetza materiala. «Biak dira baitezpadakoak Euskal Herrian elkarbizitza sendotzeko, politika publiko propioak plantan ezartzeko eta gure errekurtso naturalen, ingurumenaren, ekonomiaren, etxebizitzen edota hizkuntzaren kudeaketa gure esku izateko».

Horretarako, dei egin dute «fronte zabal» bat eratu eta «herri gisa» jarduteko. «Erran nahi baita, Euskal Herria kanpoko esku sartzeetatik babestu, agenda erreakzionarioari buru egin eta bere etorkizuna eraikitzeko adostasun eta mobilizazio fase bat irekitzeko tenorean dela. Urteetan erakutsi dugu Euskal Herrian etorkizun berri bat eraikitzeko eta gauzak ezberdinki eta elkarrekin egiteko gai garela».
Iazko Aberri Egunaren ondotik birsortu zen Batera plataforma, Ipar Euskal Herriaren instituzio bilakaeraren inguruko eztabaida irekitzeko asmoarekin. Ezkerreko abertzaleek baieztatu dute herritar gehienek nahi dutela Ipar Euskal Herriari burujabetza handiagoa emango dion instituzio berri bat, eta baita euskararentzat aitortza ofiziala ere. «Gure deia horixe da: oraindanik eraiki dezagun biharko Euskal Herriarentzat behar dugun lurralde proiektu erakargarri, demokratiko, euskaldun eta jasangarria. Itxaropena hemen egiten dugunak eta hemen elkarrekin aitzinatzen dugunak sortzen du. Hori da mundu hobeago bati egiten ahal diogun ekarpenik handiena. Inposatu nahi diguten garai ilun honetan, itxaropena Euskal Herria da».
Heldu den martxoaren 15ean eta 22an iraganen diren herriko bozei buruz ere mintzatu dira Aberri Egunaren deitzaileak. «Oso beharrezkotzat» jo dute ahalik eta jende gehien mobilizatzea «abertzaleok dugun proiektu aurrerazale, ekologista, euskaltzale eta feministaren alde».