Euskal Herria Batera herri ekinbideak Aberri Eguna ospatuko du martxoaren 28an, Lizarran (Nafarroa), eta azken sei urteotako bideari helduta egin nahi du oraingoan ere, hau da, alderdi, sindikatu, ordezkari instituzional eta herri eragile ugari bidelagun hartuta. Euskal Herrian dagoen «gihar politiko sendoa» baliatu nahi du Euskal Herria Batera-k Aberri Eguna instituzionalizatzeko, eta bide horretan urratsak egitera deitu dute gaur egitasmoaren ordezkariek. «Ospa dezagun batera euskal herritarron egun nazionala, eta landu dezagun denok, instituzioek eta mota guztietako eragileok, egun horrek merezi eta behar duen instituzionalizazioa».
Gasteizko Foru plazan egin dute agerraldia Euskal Herria Batera-ko kideek; propio aukeratu dute toki hori, Eduardo Txillidak eta Luis Peña Gantxegik diseinatutako enparantza ospetsua «autogobernu politikoaren adierazle» baita. Ekhiñe Atorrasagastik gogora ekarri duenez, aurten 150 urte beteko dira foruak abolitu eta «euskal pentsamendu nazionalaren eklosioa» gertatu zenetik, eta urtemuga hori ezin aproposagoa da Euskal Herria nazio bat dela «ospatzeko eta aldarrikatzeko».
«Ospa dezagun batera euskal herritarron egun nazionala, eta landu dezagun denok, instituzioek eta mota guztietako eragileok, egun horrek merezi eta behar duen instituzionalizazioa»
CARLOS ETCHEPAREEuskal Herria Batera
Aurtengo Aberri Eguna ospatzeko aukeratutako herriaren garrantzi politikoa ere nabarmendu du Atorrasagastik, Lizarra Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako estatutuaren sorterri izan zela eta: «Foruak abolitzearen ondorioei aurre egiteko instituzionalizazio ahalegin politiko baten babeslekua izan zen».
Hain justu ere, nazio izaerari balioa ematera eta hura sustatzera eta instituzionalizatzera deitu dute ekinbidearen ordezkariek. Baina lan hori ez dagokie soilik instituzioei, Carlos Etcheparek azpimarratu duenez: «Eragile guztioi dagokigu nazioa eta Aberri Eguna gure egutegi politikoan sartzea». Hala, erantsi du indarrak batu behar direla bateratasunaren alde: «Euskal Herria hiru lurraldetan banatua da, eta euskal lurralde bakoitzak du eskumen nahikoa euskal nazioaren egunari eman behar zaion ofizialtasuna eta aitortza emateko».
Seigarren urtez
Aurten seigarren urtez antolatuko du Euskal Herria Batera-k Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia, eta orain arteko bideari beha, Mireia Epeldek uste du «bateratasuna» egon badela: «Euskal Herria aintzat hartzen duten herritarrak askotariko instituzioetan, eremuetan eta funtsezko esparruetan daude».
2020az geroztik, eta urtez urte, Euskal Herria Batera-k eragileak eta norbanakoak «fidelizatu» ditu, eta baita jendea erakarri ere. Iaz Donostiako Kursaalean egindako ekitaldia orain arteko «adierazpen gorena» izan zela diote ekinbidearen ordezkariek, eta horrek erakusten du, haien ustez, badagoela indar nahikoa Aberri Egun bateratua egiteko, baita egun horretatik harago joateko ere.