aberri eguna

Aberri Eguna ospatzen ari dira eragile abertzaleak

EAJ Bilbon ari da egiten ekitaldia, eta Independentistak sarea Iruñean.

Edurne Begiristain.
2015eko apirilaren 5a
12:47
Entzun

Indar abertzaleentzat data seinalatua da gaur: Aberri Eguna. Bi hitzordu garrantzitsu izango dira ospakizunetarako: EAJk Bilbon egingo du ekitaldia, eta Independentista sareak, berriz, Iruñeara joateko deia egin du.

EAJk azken urteetan ohi denez, ekitaldia egingo du Bilboko Plaza berrian, Herriz herri, Aberri izenburupean. Bertan izango dira Diana Gonzalez EGIko bozeramailea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea. 11:30ean izango da, eta kalera ikurrinak ateratzeko deia egin du EAJk. Aurten, nazio izaera aldarrikatuko du EAJk, "Euskadi Europako beste nazioek osatzen duten maparen barruan" nahi duelako.

Independentistak sareak Iruñea aukeratu du Aberri Eguna ospatzeko, Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari! lema hartuta. Aldarrikapena eta jaia uztartuz, egun osoko egitaraua prestatu dute.  Besteak beste, manifestazioa egingo dute 12:00etan Golemetan hasi eta Sarasate Pasealkuraino, eta bertan egingo da ekitaldi politikoa.

EH Baik eta EH Bilduk ere Aberri Egunarekin bat egin dute. Joan den asteazkenean aurkeztu zuten adierazpen bateratuan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea dela azpimarratu eta estaturik gabeko nazioekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten. EAk, berriz, gogoratu du bere helburua "euskal estatu bateratua" lortzea dela, eta aurtengoa "demokrazian sakontzeko urtea" izango dela.

Aberri Egunaren garrantzia azpimarratu du Geroa Bai alderdiak ere. "Aberri Eguna, Euskal Aberriaren Eguna, nafar askok maite, sentitu eta elkar banatzen dugun nortasun baten aldarrikapen eguna da".  Testuinguru horretan, Nafarroa "subjektu politiko" bezala aitortua izateko eskatu du.

Udalbiltzak, ohar batean, mezu argia bidali dio Euskal Herriari Aberri Egunaren harira: "Euskal herritarrak batzeko eguna da".

ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute Aberri Egunarekin. ELAk berretsi egin du "nazio burujabe" bat eraikitzeko duen konpromisoa, eta LABek azpimarratu du "burujabetza" dela bidea krisitik ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.