Aberri Eguneko «arrakasta» txalotu egin du Independentistak sareak

Aurtengo ospakizuna indarrak biltzeko eta herri gisa aritzeko «eredu» izan dela uste du ezker abertzaleak

Independentistak sareko kideen ekitaldi politikoa, joan den igandean, Gernikan egin zuten Aberri Egunaren harira. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Independentistak sarea pozik dago joan den igandean Gernikan eta Baigorrin egindako Aberri Egunak lortutako «arrakastarekin». Ospakizun horren inguruko «balorazio oso ona» egin du, eta antolakuntza lanetan aritutakoei zein parte hartzera joandakoei zorionak eta eskerrak eman dizkie. EAko, Alternatibako eta ezker abertzaleko ordezkariak izan ziren Independentistak sareak Gernikan eta Baigorrin egindako ekitaldietan. «Aniztasuna» izan zen Aberri Egunaren ezaugarri nagusia, «sentsibilitate askotako» independentistak elkarturik ospatu zelako, Independentistak sarearen ustez. «Denon artean independentziaren aldeko jai handia egitea lortu dugu».

Igandeko Aberri Egunaren argazkia ikusita, aurrean «erronka handia» dutela ondorioztatu du Independentistak sareak: zehazki, nazioartean independentzia lortzeko bidean daudela onartzen zaien nazioen taldean sartzea Euskal Herria, Flandria, Eskozia, Groenlandia edo Kataluniarekin batera. Horretarako, «mugimendu indartsu eta eraginkorra» eraiki beharra dagoela eta «bide onetik» doazela iritzi dio. Independentistak sarearen ustez, Aberri Eguna horren isla izan da, ospakizun horrek «indar berriak» eman dizkiolako «aurrera egiteko».

Aberri Eguna abertzale guztiak elkarturik ospatzeko eguna dela «oso ongi» ulertu dute herritarrek, Independentistak sareak adierazi duenez. Gainera, uste du datozen urteetan indartu egingo dela ildo hori, eta Aberri Eguna «independentismoaren termometroa» bilakatuko dela urtetik urtera.

EAJri mezua

Ezker abertzaleak ere txalotu egin du Gernikan eta Baigorrin egindako Aberri Eguna. Milaka independentistek «irudi bikaina» erakutsi zutela uste du, bai eta ospakizuna «eredugarria» izan zela indarrak biltzeko eta herri gisa aritzeko ere.

Horren harira, Aberri Egunean EAJk bere aurka egindako kritikei erantzun die ezker abertzaleak. «Egoera aldaketak urduritasuna sortu du hainbat egoitzatan, eta hor datza ezker abertzalearen aurka hainbatek duten jarrera erasokorra». Ezker abertzalearen bidea «itzulezina» dela eta «oinarri sendoen» gainean eraikia dagoela azpimarratu du. «Iniziatiba politikoa indartzen erantzuten dio ezker abertzaleak estatuen itxikeriari».

Hala, ezker abertzalearen inguruan zalantzak zabaltzeari utzi eta ireki den aro berriaren aurrean zer egingo duen eta norekin hitzartuko duen argitzeko eskatu dio EAJri: «Madrilekin eta isilpean ala herri honekin, hitza etaerabakiaren defentsan eta agerian?», galdetu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.