Aberritik kanpo ere ospatuko dute Aberri Eguna

Hamar herrialdetik gorako Euskal Etxeek ekitaldi ugari antolatu dituzte, atzerrian ere Aberri Eguna ospatzeko

jon olano
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat alderdi politikok eta eragilek Baigorrira (Nafarroa Beherea), Gernikara (Bizkaia), Donostiara edo Bilbora joatera deitu badute ere, horiek ez dira aurtengo Aberri Eguna ospatzeko leku bakarrak izango. Izan ere, hainbat Euskal Etxek ekitaldiak antolatu dituzte gaurko.

Euskal Herriaz gain, beste hamar herrialdetan ere ospatuko dute, gutxienez, Aberri Eguna. Euskal Etxe gehienek bazkariak antolatu dituzte, eta hala ospatuko dute eguna Mexiko Hirian (Mexiko) eta Madrilen (Espainia). Sydneyn (Australia), eguna piknik batekin ospatzera deitu du Gure Txoko Euskal Etxeak. New Yorken (AEB) ere bazkaria antolatu dute, baina meza egingo dute lehenbizi. Bestalde, Ken Zazpi musika taldeak kontzertu bateskainiko du Londresen (Erresuma Batua).

Habanan (Kuba), atzo hasi ziren ospakizunekin. Mus txapelketa eta afaria egin zuten; gaur, ordea, Joseba Macias soziologoaren hitzaldi batekin hasiko dute eguna. Bertso saioa egingo dute ondoren, eta, amaitzeko, Imuntzo eta Beloki trikitilariek eta kubatar kantari batek kontzertu bat eskainiko dute.

«Erabakiko dugu»

Argentinan ere izango da Aberri Eguna ospatuko duenik. Necochean, meza eta txikiteoa antolatu ditu Euzko Etxea elkarteak. Buenos Airesen, aldiz, apirilaren 30ean ospatuko dute eguna. Gainera, FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak ohar bat plazaratu du Aberri Egunaren harira. Egun hori, iraganean, euskal herritar guztien ospakizuna zela dio federazioak, baina, gaur egun, soilik abertzaleena dela gaineratu du. «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta erabakiko dugu», dio FEVAk.

Buenos Airesen antzera, Washingtonen (AEB) beranduago ospatuko dute Aberri Eguna; maiatzaren 7an, hain zuzen. Quebecen, aldiz, aurreratu egin zituzten ospakizunak; martxoaren 20an, mus txapelketa, sokatira eta dantza erakustaldia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.