ABIADURA HANDIKO TRENA. Ezker abertzalea: «Itunak aurrekontuak hipotekatuko ditu»

Ezker abertzaleak salatu du gizarte gastuetarako diru saila txikitzearekin iritsi dela AHTaren ituna

Erredakzioa
Iruñea
2010eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Tren lasterra «antisoziala, antiekologikoa eta, gainera, inposatua» da, Nafarroako ezker abertzalearen iritziz. Mikel Gastesi Iruñeko zinegotziak eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak UPNri eta PSOEri aurpegiratu diete «enpresa eraikitzaileen eta banketxeen beharrei erantzutea, herritarren beharrei erantzun beharrean». Ezker abertzalearen ustez, «gutxi batzuek» erabiliko dute AHT abiadura handiko trena, baina nafar guztien diruarekin ordainduko da, eta horrek Nafarroako aurrekontuei eragingo die: «Itunak hipotekatu egingo ditu Nafarroako aurrekontuak datozen urteetarako».

Agerraldia egin zuten atzo Morenok eta Gastesik, eta gogorarazi zuten 43.000 pertsona inguru daudela langabezian Nafarroan, Sanzen gobernuak osasungintzako eta euskarako diru sailak murriztu dituela eta gastu publikotik ehun milioi euro «izoztea» erabaki duela. «Eta, bitartean, jakin dugu 60 milioi euro ordaindu beharko diegula bankuei, interesetan. Eta horri gehitu behar zaizkio Castejon eta Iruñea arteko eraikuntza lanen 290 milioi euroak». Tren lasterra, bestalde, defizitarioa dela salatu dute: «Urtero 16 milioi euro ordaindu beharko dira, diru publikotik, mantentze lanetan». AHTak Nafarroa bitan erdibituko duela, energia xahutze handia ekarriko duela eta ingurumenari zuzenean eragingo diola ere ohartarazi dute Morenok eta Gastesik. Horregatik, Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko ituna kritikatu dute, eta NaBai eta NEB alderdiei eskatu diete tren lasterrari buruzko jarrera argitzeko.

Ezker abertzalea ez da izan ituna salatu duen bakarra. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako Gobernuaren aurrean. Txikiziorako diru gehiago ez! lelopean dozenaka lagun elkartu ziren AHTaren aurkako jarrera agertzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.