euskal herria

Abiadura muga orduko 120 kilometrokoa izango da berriz Hegoaldean

Uztailaren 1ean izango da aldaketa. Talde ekologistek erabakia "atzerapausoa" dela uste dute.

2011ko ekainaren 24a
17:47
Entzun

Abiadura muga orduko 120 kilometrokoa izango da berriz Hego Euskal Herrian. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak adierazi duenez, uztailaren 1ean izango da aldaketa.

Espainiako Gobernuak, martxoaren 7an ezarri zuen 110km/h.-ko behin-behineko muga autopista eta autobidetarako. Neurria ekainaren 30ean amaitzen da, eta ez luzatzea erabaki dute.

Rubalcabak esan du egoera aldatu egin dela; Gobernuak dituen azterketen arabera petrolioak merketzen jarraituko du eta, beraz, bere ustez, "arrazoizkoena" orduko 120 kilometroko mugara itzultzea da.

Rubalcabak neurri hone bidez 450 milioi aurreztu direla adierazi du.

Talde ekologistak, aurka

Luis Gonzalez Ekologistak Martxaneko Espainiako koordinatzaile nagusiak, neurria "atzerapausoa" dela adierazi du. Esan du, erabakia "inkongruentea"  dela, eta Gobernuak klima aldaketarekiko duen diskurtsoarekin "bateraezina". Gonzalezek gogoratu du behin-behineko muga horri esker erregai gutxiago erabili dela, airearen kalitatea hobetu dela eta istripu gutxiago gertatu direla.

Greenpeacen iritziz, Espainiako Gobernuak ez du legea mantentzeko "ausardi nahikoa" izan. Gobernuaren "koherentzia falta" ere salatu du talde ekologistak. Izan ere, neurria dirua aurrezteko baliagarria izan dela onartu arren, 120 kilometroko mugara itzultzea erabaki dute. Sara Pizzinato Greenpeaceko kidearen arabera, "neurria atzera botatzeko garai txarra" da, jendea dagoeheneko "ohitu" egin baita murrizketari.

Bost talde ekologista ostegunean bilduko dira Industria, Turismo eta Komertzio ministro Miguel Sebastianekin eta Ingurugiro, Nekazaritza eta Arrantza ministro Rosa Aguilarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.