Abian jarri dute Klikmetroak, metroak birtualki egiteko ekimena

BERRIAren babesa izango du Azpeitiko Ikasberri ikastolak Kilometroei begira abiatu duen egitasmoak

Martxelo Otamendi, Beñat Azurmendi, Aitor Unanue eta Koldo Tellitu, atzo, Azpeitian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Azpeitia
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Guztion artean, herritarren eta babesleen artean, ikastolen aldeko Kilometroak jaiaren zirkuitu birtualari ahalik eta buelta gehien ematea. Hori izango du helburu nagusia Klikmetroak ekimenak (www.klikmetroak.com). Herritarrek metroak hartuko dituzte, eta enpresa, merkatari eta elkarteek metro horiek diruz babestuko dituzte. BERRIAk ekimena babestuko du, eta www.berria.infon nahiz sare sozialetan sustatuko du. Azpeitiko Ikasberri ikastolak antolatuko du aurtengo Kilometroak, eta urriaren 2an izango da, ohi bezala, hilabeteko lehenengo igandean.

Klikmetroak ekimenak hastapenetako Kilometroak festen jitea berreskuratu nahi du. Izan ere, 1977an Beasain eta Lazkaon Gipuzkoako ikastolen aldeko festa aurreneko aldiz egin zenean eta hurrengo urteetan, enpresa eta elkarteek korrikalari, ibiltari nahiz pertsonaia ezagunak babestu zituzten. Batek egiten zuen kilometro bakoitzeko diru kopuru bat ematen zioten antolatzen zuen ikastolari.

Orain, Azpeitiko Ikasberri ikastolak berreskuratu edo berrasmatu nahi izan du dinamika hori Klikmetroak ekimenaren bitartez. Herritarrek metroak eskuratu ahal izango dituzte Klikmetroak.com-en, eta hortik aurrera webgunean azalduko dira metro horren jabearen izen-abizenak, argazkia eta bertan utzitako mezua.

Bestalde, herritarrek hartutako metro horiek babesteko aukera izango dute enpresek eta elkarteek. Bakoitzak nahi duen ekarpena egin ahal izango du, bost metro babestu (50 euro) edo kilometro oso bat (5.000 euro). Hortik aurrera metro horien babesle gisa agertuko dira beti sarean, eta elkarte edota enpresa bakoitzaren web orrira eramango duen lotura ere eskainiko du webguneak.

BERRIAren sustapena

BERRIAk Klikmetroak ekimenarekin datozen hilabeteotan izango duen elkarlanaren lehenengo urratsa atzo egin zuten Azpeitiko ikastolan bertan. Hain zuzen ere, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Aitor Unanue Azpeitiko Ikasberri ikastolako lehendakariak lehenengo metroak hartu zituzten. Beñat Azurmendi Ikasberriko zuzendariak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Kilometroak jaiak hastapenean izan zuen espiritua berrasmatzeko asmoa izan du aurten Azpeitiko Ikasberri ikastolak. «Ekimen honek erakusten du gure asmoetako bat zein izan den:betiko auzolana jorratzea, baina gaur dauzkagun tresnekin», azaldu zuen Unanuek. Ikasberriko presidentearen iritziz, Klikmetroak.com ekimenak aukera emango dio edozeini, teknologia berriak erabiliz, ikastolen aldeko jaiari bere ekarpena egiteko: «Gure helburua da, denon laguntzarekin, ibilbideari pare bat buelta ematea, eta espero dugu denon laguntzarekin lortuko dugula».

Otamendiren iritziz, «txalogarria» da Azpeitiko ikastolak abian jarritako ekimena, «kilometroak modu birtualean erosteko aukera hori». Hain zuzen ere,BERRIAko zuzendariak dei egin zien herritarrei metroak hartzeko eta enpresa nahiz elkarteei metro horiek babesteko. «Antolatzaileek esan dute ibilbideari bi itzuli eman nahiko lizkioketela. Ni ziur nago hiruzpalau itzuli lor ditzakegula. Eta estal dezagun Azpeitiko zirkuitua denon ekarpenekin».

Tellituk nabarmendu zuen Klikmetroak.com ekimena Ikasberrik jarri duela abian, «bere garaian ikastolen herri proiektuari eusteko apustu argia egin zuen ikastola batek hain zuzen». Ikastolen aldeko jaietan ekimen berritzaileak sortzearen beharra aipatu zuen Ikastolen Konfederazioko presidenteak: «Ekimen sortzaileak behar ditugu, eta jende guztia animatu nahiko nuke bertan parte hartzera». Tellituk dei egin zuen, era berean, igande honetan Laudion egingo den Araba Euskaraz jaian parte hartzera: «Laudion ere klik egiteko aukera dugu, han Bagare leloarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.