1977ko udan, Askatasunaren Ibilaldiak Euskal Herriko herri ugari zeharkatu zituen. Mobilizazio erraldoia izan zen ordukoa, eta, trantsizioaren garaian, arrastoa utzi zuen ibilaldi hark. Berrogei urte geroago, Kalera martxa abiatu da gaur Gernikatik (BIzkaia). Kalera dinamikak antolatu du, eta zazpi egunean Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko ditu. Gaur, esaterako, Busturia pasatu, eta Bermeon amaituko da etapa (Bizkaia). Egunero, ekitaldi eta ekintza ugari izango dira martxa igaroko den herrietan.
Abian da preso eta iheslarien aldeko Kalera martxa @berriapic.twitter.com/zgzXk4aWdJ
— Zihara (@kaskarintxo) 2017(e)ko uztailak 20
Ernaiko bozeramaile Lur Albizuk abiatze ekitaldian esan du EPPKren bide orria babestuz aterako direla martxan. Izan ere, aurreko larunbatean aurkeztu zuen EPPK-k, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eztabaidako ondorioen txostena. Ezker Abertzaleak aurrez ere esana zuen EPPKren erabakia babestuko zuela, dena delakoa izanda ere. Txostenean, kolektiboak hartu duen norabide berria azaltzen da. Hiru aldaketa nagusi nabarmentzen dira. Lehenik, presoek euren egoera juridikoaren berri herritarrei emango diete, gero urratsak egiteko —horiek ere ezagutaraziz—, haien babesa lortzeko eta prozesua partekatzeko. Bigarrenik, legediko pausoak ematen hasteko orain baldintza ez da presoak lehendabizi Zaballako (Araba) eta Mont de Marsango (Okzitania) kartzeletan batzea, kaleratze prozesurik bada ontzat joko dituztelako aurrerapausoak, eta espetxeetan eskaerak bideratzen hasiko direlako . Eta, azkenik, "EPPKren binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin izango" dela.
Kalera Martxa uztailaren 27an amaituko da, Lakuntzan (Nafarroa). Han hasiko da lau eguneko elkartasun jaialdia. 20. aldia du aurten Hatortxurockek. Egitarau zabala antolatu du "hiltzeko jaiotako" jaialdi horrek. 84 musika talde igoko dira agertokira lau egunetan. Hitzaldirik eta bestelakorik ere ez da faltako. Igandean, esaterako, sakabanaketaren aurkako egun nazionala antolatu dute Lakuntzan bertan. Milaka pertsona espero dituzte orain arteko elkartasun jaialdirik handienean, eta, lau egun horiek posible izan daitezen, auzolan erraldoira deitu dute antolatzaileek, 6.718 txanda izango baitira jaialdian.