Europako deportazioa nazien esparruetara (1940-1945). Historia, memoria eta euskal lekukotzak ikastaroa abiatu dute gaur, Donostiako Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroetan. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu du, EHUrekin batera, eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak adierazi du ikastaroa gai izango dela «herritarrei memoria kritikoa eta gogoetatsua eraikitzeko beharrezko tresnak emateko, gure iraganari zorrotz begiratzeko». Halaber, erantsi du giza eskubideen defentsarekiko «ezinbesteko konpromisoaren oinarriei buruzkoa» izango dela nazien heriotza esparruetara deportatu zituztenen inguruko ikastaroa.
Gaur hasi eta asteazkenera arte askotariko adituen ekarpenak eskainiko dituen ikastaroa 1945-2025 Deportazioaren Memoria proiektuaren barruan garatzen ari diren jardueretako bat da. Proiektu hori, hain zuzen, nazien kontzentrazio esparruen askapenaren 80. urteurrena dela-eta Europa osoan egiten ari diren jarduera ugarien testuinguruan sortu da.
Hegoaldeko berrehun euskal herritarrek baino gehiagok deportazioaren izugarrikeria pairatu zuten 1940. eta 1945. urte bitartean, «aurreko urteetan demokrazia defendatu zutelako». Gogora-k zehaztu du Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako II. Errepublikak ordezkatu zutela demokraziaren defentsa. 2020an Gogora institutuarentzat Etxahun Galparsorok egin zuen txostenak 253 pertsona jasotzen ditu. Hori da kopuru ofiziala, baina ekainean tesia plazaratuko du historialariak, eta 262 pertsona jaso ditu bertan. «Datozen urteetan, beharbada, azalduko dira besteren batzuk, baina jadanik ez da aldatuko askorik kopuru hori. Esparruetara sartu zirenen erdiak baino gehiago han hil ziren», azaldu dio berriki Galparsorok BERRIAri.
Memoriaren institutuaren ustez, biktima horien oroimena eta haien bizi esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat, «eta deportazioa, Europan gertakari hori ezaguna den arren, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan». Deportazioaren memoria gurean ezagutarazi eta zabaltzeko asmoarekin sortutako egitasmo bat da 1945-2025 Deportazioaren Memoria, eta helburua urteurren horretatik harago joatea da, Gogora-ren jarduera planetan txertatuz eta segida emanez.
Mauthausengo oroitzapenak
Donostian martxan den ikastaroak deportatuen historia jorratuko du. Arlo horretako adituek eta hainbat ikerketa mota azalduko dituzten norbanakoek hartuko dute parte, baita biktimen memoria zaintzen duten erakundeek ere. Beste askoren artean, han izango dira Juan Francisco Murillo, Hego Euskal Herriko Amicale Mauthausenen ordezkaria, Enric Garriga Amical Buchenwald-eko lehendakaria, Etxahun Galparsoro Hegoaldeko biktimen datuak azaleratu dituen historialaria eta Joxe Mari Mitxelena eta Izarraitz Villaluce ikerlariak, azken horiek Maria Josefa Sanzberro erresistentziako kideaz aritzeko.
Jardunaldiak diziplina anitzekoak izango dira, eta, horri esker, ikastaroan parte hartuko duten ikasleek gaiaren ikuspegi orokorra lortuko dute; hainbat deportaturen bizitzaren bidez, haien memoriak berreskuratzeko beharrezko tresna nagusiak ezagutuko dituzte, eta deportazioaren eremuan erreferentzia diren memoria erakundeen berri jasoko dute.
Horrez gain, gaur eta bihar, arratsaldez, Tabakaleran aukera dago nazismoaren esparruetako deportazioa aztergai duen udako ikastaroaren jarduera osatzeko dokumentalak ikusteko; horien zuzendariekin solasaldiak egingo dituzte, gainera. Jende guztiarentzat dago zabalik, aurrez izena emanda: [email protected] (+34 94-403 38 45).