Abisatu dute euskararen normalizazioak zutabe «hauskorrak» dituela

Oldarraldi judizialaren harira, jardunaldiak egin dituzte Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak. Iñigo Urrutiak eta Ander Iturriotzek egungo lege esparruaren mugez ohartarazi dute, horiek gainditze aldera

Solasaldia. Iturriotz, Nikolas eta Urrutia atzoko saioan. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola.
Andoain
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun

«Euskararen normalizazio prozesuari eusten dioten zutabeak kolokan daude». Guztiz «hauskorrak» direla ere esan zuten. Hainbat eratan formulatuta, baina ideia horrekin lotutako mezuak behin eta berriz adierazi zituzten atzo Legezko zoru bat euskararentzat jardunaldietan. Andoainen (Gipuzkoa) izan ziren, Martin Ugalde kultur parkean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, heldu den larunbatean Bilbon euskararen normalizazioaren aurka ebatzi diren sententzien inguruan desadostasuna erakuste aldera egingo den manifestazioaren atariko. Lehen solasaldian Iñigo Urrutia legelaria eta Unai Iturriotz abokatua aritu ziren, Zelai Nikolas legelariak gidatuta. «Eraso sistematikoez» mintzatu zen Urrutia. Eta hori elikatzen duten diskurtsoez: «normalizazio prozesuarekin urrutiegi» joan izanaren ustea gailendu da haren ustez zenbait sektoretan. «Oldarraldiak aurpegi asko ditu, agerikoenak epaiak dira, baina atzean diskurtso politikoaren aldaketa bat ere badago», argudiatu zuen.

Aldaketa horren ondorioz «euskara ez dakitenen eskubideak» defendatzeko mezuak gero eta ozenago entzuten direla nabarmendu zuen. Horien atzean dagoen ideia okerra dela adierazi behar da, ordea: «Izan ere, gaztelania ez da hizkuntza hauskorra. Euskara da hizkuntza hauskorra». Euskara Euskal Herriko hainbat tokitan ofizial izateaz harago, «hizkuntza propioa» ere badela gogoratu zuen, gainera. «Eta hizkuntza propioari bultzada berezi bat eman behar zaio». Hori aski motibo bada Urrutiarentzat euskararen aldeko neurriak defendatzeko. Hori aintzat hartu gabe, ordea, igaro hilabeteetan euskararen normalizazioa eragozte aldera ebatzi diren ebazpenak ugariak eta askotarikoak izan direla gogoratu zuen.

«Etengabea» da

Nafarroako egoeraz mintzatu zen, bereziki, Iturriotz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oldarraldiaren gaineko mezuak azken hilabeteotan ozendu badira ere, foru erkidegoak euskarari ematen dion lege babes urriaren gaineko kezkak soka luze eta korapilatsu bat direla gogoratu zuen. «Oldarraldia dago, eta etengabea da aspalditik». Nafarroan, gainera, legez, «berezko hizkuntzak» bi direla zehaztu zuen: gaztelania eta euskara. Horrek zenbait urrats zailtzen ditu, Iturriotzen iritziz.

Ofizialtasunaren arabera Nafarroa hiru eremu administratibotan banatuta egon arren, herrialde osoan dira orokorrak erasoak, zailtasunak, trabak. Zona euskaldunean askotan ikusten ditu Iturriotzek. «Badirudi ezin zaiola lehentasunik eman euskarari». Argudio juridikoetan «koofizialtasun batetik subofizialtasun batera igarotzen» ikusten du usu euskarari ematen zaion estatusa. Eremu mistoan ere aski ohikoak dira trabak: «Auzi juridiko gehienak zona mistoan egon dira. Ziurgabetasuna da nagusi, ez dago ziurtasun juridikorik». Areago «atzerapausoak» ere ikusi ditu sarri askotan berriki.

Nola egin aurrera

Ataka horietan zer egin behar den galdetu zien Nikolasek hizlariei. Iturriotzentzat, Nafarroaren kasuan ezinbestekoa da «ofizialtasunaren» egoera aldatzea. «Marko honetan euskarak ezin dezake aurrerapen funtsezkorik egin. Handira jokatzea litzateke marko juridikoa aldatzera joatea», argudiatu zuen. Bitartean «txikira» ere jokatu daiteke, jokatu behar da, baina zailtasun gehiegi ikusten ditu sarri bidean. «Euskaldunok halako paralisi eta autozentsura batean gaude. Aldiz, euskarafoboak oldarraldian daude». Antolatuta ikusten ditu. Hizkuntza eskakizunak jartzen diren aldiro, esaterako, «sistematikoki» paratzen dituzte aurkako helegiteak: «Hori antolatuta dago». Eta horri aurre egiteko konbentzimendu bera behar da, ahalegin oraindik handiagoa: «Ahaldundu beharko dugu euskaldunok, eta autozentsuratik irten». Neurri zehatzetara begira, 2017an administrazioan euskararen erabilera arautzeko onartu zen dekretuaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, eta, ondoren justiziak «kimatu» bazuen ere, orain Nafarroako Gobernuari eskatu beharko litzaioke hura berriz «osatzea», lehengoratzea.

Lan ondo eginda ere, kontrako epaiak maizegi jasotzen direla onartu zuen, eta indarrak batzea garrantzitsua dela aurrera egite aldera. «Nafarroan gure arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu behar ditugu, sinergiak baliatu behar ditugu». Hor hobeto «funtziona» daitekeela pentsatzen du. «Adibidez, ordenantza asko zaharkituta daude. Izan ditzagun irizpide zuzen batzuk».

Urrutiak uste du «maila politikoan» gaiari buruzko gogoeta egin behar dela. «Nik uste dut euskal gizartean badagoela gaur egun debate hau, eta bide eman behar lioke debate politiko bati». Hortik «adostasun politiko» berri bat lortu behar litzateke «juridikoki bidea emateko» euskarari «normaltasuna eta naturaltasuna» emango dizkion estatus bati. «Eta arlo hori erabat blindatu beharko litzateke». Oraingoaren gisako egoerak ez izateko. «Euskal Herriak erabaki behar du zein diren euskararen normalizazioaren helburuak, ez epaileek». Hegoaldeko errealitatera begira, uste du Espainiako Estatuarekin horren gaineko itun bat lortu behar dela. Iparraldean lege babesa oraindik ere apalagoa den arren, uste du han ere gaia lehen lerrora eraman behar dela.

Erkidegoetako lege propioetan ere aldaketak egin behar diren iritzia du Urrutiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Euskararen Legea bera, esaterako, «askatasunetan» oinarritzen dela azaldu zuen, euskarazko ereduak bermatzean, baina gaztelaniazkoei ere tokia egitean: hortxe daude, esaterako, erdarazko hedabideak, euskara ikasgai gisara besterik onartzen ez duen hizkuntza eredua... Murritzegia deritzo Urrutiak ikuskera horri: «Sistema integratzaile baten aldeko apustua egiteko garaia da». Eta ekitekoa. «Uneon dugun jurisprudentziarekin, gure politikariek ez badute ezer egiten, zulora goaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.