"Asko ezkor agertu dira agiri horren ]ETAren azkena] aizinean, baina nik begi onez ikusten dut, zeren eta agiri horretatik atxikitzen dudan esaldi nagusia da aurrerantzean prozesua demokratikoa eta soilik demokratikoa izango dela. Niretzako hori da agiri horretan adierazgarriena", esan du Peio Etxeberri-Aintxart AB Abertzaleen Batasuneko bozeramaileak gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Etxeberri-Aintzartek erantsi du ezinezkoa dela pentsatzea egun batetik bestera gertatuko dela su-eten bat edo abiatuko dela prozesu bat, eta, beraz, ETAri zein ezker abertzaleari denbora eman behar zaiela. "Nahi badugu prozesu iraunkor bat izan dadin, ETAren errealitate politikoa eta kultura politikoa ezagutu eta onartu behar ditugu. Alde horretatik pentsatzen dut denboera utzi behar dela estrategia berri hori ezker abertzalean sustraitzeko". Baikor dela erantsi du.
Nolanahi ere, gatazkaren konponbidean aurrera egitekotan Espainiako eta Frantziako estatuek ere mugimenduak egin beharko dituztela iritzi dio ABko bozeramaileak. "Orain ikusi beharko dugu Madril bereziki baina Paris ere prest diren ber bidean jartzeko, ezin baita pentsatu indar guztiak eta ahalegiln guztiak Euskal Herritik egingo direla. Bakea egiteko negoziazio bat sortu behar da, normalizatua, erran nahi baita, bortizkeriarik gabekoa. Bortizkeriarik gabekoa euskaldunen aldetik baina baita ere indar errepresiboen aldetik".
Ildo horretatik, Etxeberri-Aintxartek uste du konponbiderako bidean aurrera egiteko "indar autodeterministen" batasuna behar dela, eta prozesu horretan Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko alderdiek hauteskundeetarako egindako aliantzak eredu direla Hegoalderako. "Eskualde hauteskundeak izanki heldu den martxoan saiatzen gara erakusten posible dela arazo eta ezberdintasun politiko guztien gainetik akordio bat lortzea ezker abertzalearen baitan bere zentzu orokorrean. Erran nahi baita AB, Batasuna eta EA Iparraldean, eta Hegoaldean baita Aralar ere. Osatzeko aspalditik aipatzen den polo subiranista bat edo bederen itzultzeko Lizarra-Garaziaren garaian ezagutu genuen indar autodeterminista guztien arteko akordiora. Gero zabalduko litzateke EAJrengana eta abarrengana".
Iparraldean koalizioa Batasunarekin eta EArekin osatzen duten arren, Hegoaldean hurbilen duten alderdia Aralar dela aitortu du. "Hegoaldean ez da sekreturik gehien eta azkarren loturak Aralarrekin ditugula, partekatzen baititugu helburu pollitikoak eta politika eramateko metodoak. Eta hor biltzar nagusian bozkatu dugun mozioaren ondoren saiatzen gara hori gauzatzen, bereziki AHTren aktualitateko txosten potolo horren inguruan erakusteko Ipar zein Hegoko jendeari nazio tematika bat dela. AHT eta azpiegitura guzti horiek biharko euskal Herriaren bizkar nagusiak direla eta nazio ikuspegitik aztertu behar direla".
Politika
ABk "begi onez" ikusi du ETAren azken agiria
Erakunde armatuak "prozesu demokratikoaren" alde egin duela nabarmendu du idatzi horretatik Peio Etxeberri-Aintxart bozeramaileak. Konponbidea ahalbidetzeko "indar autodetermistak" batzearen alde egin du. Hauteskundeetako aliantzez gaindi, lotura sendoenak dituzten Hegoaldeko alderdia Aralar dela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu