«Ablazioa portaera arau bihurtu da»

Milaka emakumek pairatzen duten kalbarioaren inguruan hitz egin du Marie Rose Sawadogok: ablazioaren aurka ari da Burkina Fason. Egoera aldatzea zail dela dio, oso dagoelakoan errotuta.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Oharra egin die ikus-entzuleei hasi aurretik: «Oso gogorra da ikustera zoaztena. Errealitatea da hau. Heldu aulkiari». Bideo bat jarri du: haur bat ageri da, erabat biluzik, hainbat pertsonak hanketatik eta besoetatik heldua dutela. Ebakitzeko tresna batekin hurbildu zaio pertsona bat, eta aluan hasi zaio zauriak egiten. Mutilatu egingo dute. Garrasi batean neskatoa. Odoletan hasi da, sabelean gora. Etzanda baitaukate, gogor helduta. Noraezean saiatzen da ostikoka-eta mugitzen; negar zotinka, baina ezin. Ebaki diote. Klitoria gabe da. Ezingo du sexu plazera bizi.

Irudi gogorrekin ikus-entzuleen begiak dir-dirka jarriz hasi zuen hitzaldia atzo, Donostian, Marie Rose Sawadogok. Emakumeen mutilazioaren kontrako Burkina Fasoko batzordeko idazkaria da. Hitzak sobera ziren han, baina jarri zituen Sawadogok: «1996tik debekatuta dago emakumeen sexu organoen mutilazioa Burkina Fason. Ezkutuan egiten dute familiek, eta neskatoak gero eta gazteago direnean». Areago, familia batzuek beste herrialde batzuetara jotzen dute alabari klitoria kentzera, herrialdean legez debekatuta dagoelako.

Debekuaren jarraipen ezaren erakusgarri, datu argia da Burkina Fasoko mutilazioei buruzkoa: andreen erdiei egiten diete. Ordea, Sawadogoren esanetan, ez da herrialde horretako arazoa soilik: «Afrikako beste hainbat herrialdetan egiten dute, eta handik kanpo ere bai. Nazioartean egiten da, immigrazioa zabaldu baita. Arazo globala da mutilazioarena». Eta hori, herrialde gehienetan debekatuta dagoenik ablazioa.

Presio soziala ikusten du guztiaren atzean Sawadogok: «Gizarte horietan oso errotuta dago, eta araututa. Portaera arau bihurtu da, eta betikotuta dago». Zaila daihes egitea, gizartean araututako ohiturari izkin egitea. «Baztertuko dituzten beldur dira asko, eta mutilazioa bere egiten dute».

Ez da merkea ablazioari ezetz esatea. Burkina Fason, adibidez, jomugan jartzen dituzte hori egiten duten familiak: «Badaude abestiak mutilatu gabeen aurka egiten dutenak, estatus soziala galtzen dute... Gizonek, jakiten dutenean andreak klitoria badaukala, uko egiten diote ezkontzari».

Erlijioaren zama

Hori egiteko aitzakiak klase guztietakoak dira munduan. «Osasun behartzat hartzen dute batzuek, garbitasuna aitzakiatzat jarrita. Besteek, berriz, arau erlijiosotzat». Horiei heldu die Sawadogok: erlijioaren izenean egiten dituzten bidegabekeriei. «Uste bat dago zabaldua: liburu santuetan jartzen duela emakumeak mutilatu behar direla». Hala, azken hamarkadan egin dute eginahala erlijio agintariek beren jarraitzaileei esan diezaieten ezetz, inongo erlijio liburutan ez dela ageri horrelakorik. «1998an egin zuten horrelako lehen adierazpena, baina hutsala izan zen, ez zelako erabateko adostasunik egon». 2008an egin zuten bat guztiek.

Baina saio alferrekoak izan dira, azken datuek berretsi dutenez. «Ablazioaren aurkakoen taldea indartu ezean, hutsala da guztia. Bistan dago: banakoa oso da ahula gizarte hitzarmen baten aurrean», esan du Sawadogok. Eta indartsua, are eta indartsuago: «Ablaziorako ohitura gero eta gehiago ari da errotzen. Dagoeneko oso dago sustraituta, eta badakigu ez dela egun batetik bestera aldatuko». Erlijioarekiko uste okerrak aldatzea jarri du egiteko.

Belaunaldi gazteei aparteko kezkaz begiratzen die mutilazioaren aurkako batzordeko ordezkariak, haiek dutelakoan jarrera gogorrena: «Gurasoek ablaziorik egiten ez dieten arren, maiz alabak eurak dira horretara jotzen dutenak. Ezkontzeko zailtasunak izateko beldur dira. Ondorioz, ohitura gehiago betikotzen segitzen dute». Bideoko haurraren garrasien oihartzuna gogoan dela esan du: «Emakumeek pairatzen dute, eta defendatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.