Abortatzeko eskubidea, jazarpenik gabe

Hegoaldean indarrean sartu da abortuak egiten dituzten osasun zentroetara joaten diren emakumeei jazartzen dieten praktikak debekatzen dituen legea.

Apiril hasieran talde ultraeskuindarrek egin zuten prozesioaren harira sortutako protestak. IRUTXULOKO HITZA.
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Garizuma garaian, martxotik hasi eta apirilaren erdira arte, elkartu ohi dira abortatzeko eskubidearen aurkako taldeak haurdunaldiak eteten dituzten kliniken aurrean, otoitz egitera. Talde feministak aspaldi hasi ziren praktika horren aurka egiten, emakumeen eta kliniketako langileen aurkako jazarpena delakoan, eta halaxe aitortu berri du Hego Euskal Herrian onartutako lege aldaketa batek.

Atzo egokitu zuten 10/1995eko azaroaren 23ko lege organikoa, eta, aurrerantzean, 4/2022ko apirilaren 12ko legearen bidez, debekatuta egongo da abortuak egiten dituzten zentroen aurrean andreen aurka egitea. Orain, eraso horiek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitaterako lanekin zigortuko dira.

Zehazki, arau berriak azaltzen du «ezinbestekoa» dela abortuak egiten dituzten osasun zentroen inguruan «segurtasun eremu bat» ziurtatzea, «emakumeen intimitatea, askatasuna eta segurtasun fisiko eta morala bermatuta gera daitezen, bai eta zirkulazio librerako eskubidea ere, eta, hartara, sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko».

Izan ere, abortatzea erabaki eta ospitalera joaten direnean, askok aurkitzen dituzte haien kontra oldartu edo ez abortatzeko konbentzitzen saiatzen diren pertsonak. Esaterako, sona handia izan zuen duela gutxi Gasteizen agertu ziren publizitate panelek, abortuaren aurkako mezuekin. Nafarroan, 2010. urtera arte emakumeek ondoko herrialdeetara joan behar izaten zuten abortatzera, legeak ez baitzuen haurdunaldia etetea onartzen.

Euskal Herrian ere leku ugaritan salatu da klinikara joaten direnen aurkako jazarpena. 40 dias por la vida izeneko mundu osoko mugimenduaren barruan antolatu ohi dira, eta haurdunaldia eteteko kliniken aurrean egoten dira; esaterako, Donostiako Amara auzoan dagoen Askabide klinikaren aurrean. Talde feministek haien aurkako kontraprotestak antolatu dituzte behin baino gehiagotan. Amara auzoko talde feministakoa da Itziar Otaegi, eta salatu du egoera jasangaitza dela: «Askabide klinika orain dela ia 20 urte ireki zuten, eta hasieratik hasi ziren abortatzeko eskubidearen aurkakoak haren aurrean elkartzen. Garizuma garaian egiten dute bilkura, batez ere; txandak egiten dituzte egun osoan, hamabi orduz, han egoteko».

Hori ikusita, auzoko talde feministak hausnarketa egin zuen gaiaren inguruan, «eraso» horiei «erantzun bat» emateko asmoz. Itziar Otaegi: «Auzoko emakume batzuek hori ikusi genuen, eta pentsatu genuen horrek ezin zuela horrela jarraitu. Orduan, espaloi berean jartzen hasi ginen, haien aurrean, parez pare, gure leloak zituzten kartel more batzuekin. Saiatzen ginen garizuma garaian, batez ere, haien aurrean jartzen».

«Aurtengoa gogorra izan da. Duela aste batzuk emakume bat joan zen kontraprotesta hori egitera. Normalean talde txikietan joaten gara, baina egun hartan bera bakarrik joan zen, eta gizon batek eraso egin zion». Erasotuak Irutxuloko Hitza-ri azaldu zion «zer ari zarete», «abortistak», «denak hilko zaituztet» eta gisakoak oihukatuz eta jarritako kartelak puskatuz hurbildu zitzaiola gizona. Emakumea, orduan, kartelak babesten saiatu zen, baina gizonak besoetatik gogor heldu eta aurpegian jo zuen. Halere, ez da hori izan azken asteetan jazo den gertakari bakarra: apirilaren 2an prozesio bat antolatu zuten Hazte Oir eta Vox taldeen ingurukoak diren zenbait eragilek, abortuaren aurka.

«Guk deialdia egin genuen, ahoz aho, auzokideak prozesioaren ordu eta leku berean biltzeko, eta hari aurre egiteko. Viva Cristo y el Rey jartzen zuen egurrezko gurutze handi batekin azaldu ziren, bozgorailuetatik errezoka», azaldu du Otaegik. Tentsioak gora egin zuen, eta, azkenean, ertzaintzak klinika defendatzera joandako auzokideak beste espaloira mugiarazi zituen bultzaka.

Indarrean sartu den legearekin, horrelako prozesioak eta jazarpena debekatu egingo dira; abortua oztopatzeko helburuarekin egindako ekintza «gogaikarriak, iraingarriak, beldurra eragitea helburu dutenak edo hertsagarriak» zigortuko ditu. «Poza hartu dugu legearen berri izatean; kokoteraino gaude gure denbora eta indarrak honetan xahutu behar izateaz», dio Otaegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.