«Abortu askatasuna bermatzea» Frantziako Konstituzioan jasoko dute

780 parlamentarik bozkatu dute Frantziako Kongresuan konstituzio aldaketaren alde.

(ID_13669000) FRANCE WOMEN ABORTION RIGHTS
Parlamentariak Frantziako Kongresuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 4a
18:49
Entzun

Frantziako Kongresuak ontzat eman du «abortu askatasuna bermatua» izatea Frantziako Konstituzioan jasotzea. Astelehen arratsalde honetan bozkatu dute Frantziako Asanbleako eta Senatuko parlamentariek. 780 izan dira alde, eta 72 kontra; HBE Hardunaldiaren Borondatezko Etena konstituzioko 34. artikuluan jasoa izanen da orain. Halakorik egiten duen munduko lehen herrialdea da. Txalo artean hartu dute emaitza diputatuek eta senatariek. Eragile feministek ere gogotsu ospatu dute Paris erdigunean egiten ari diren bilkuran, baina abortatzeko oraindik dauden zailtasunak oroitarazi dituzte.

Duela 50 urte onartu zuten abortu eskubidea Frantzian, Simone Veil politikari ezagunaren izena zekarren legearen bidez. Saiakera baten baino gehiagoren ondotik, duela urtebete, Frantziako Senatuak abortua konstituzioan sartu eta finkatzeko testu bat bozkatu zuen, jatorrizkoaren hitzak aldatu zituena. HBE «eskubide» gisa onartu ordez, «askatasun» gisa onartzea bozkatu zuen. Azkenean, bi ganberetan bozkatu da, eta artikulu bakarreko lege testuak hala dio: «Hardunaldia norbere borondatez eteteko emakumeak daukan askatasun bermatua betetzeko baldintzak finkatzen ditu legeak».

Kongresuko eztabaidan, Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak adierazi du «zor morala» dutela «beren larruazalean sufritu duten emakume guziekin», eta Veilek abortua legeztatzearen alde eramandako borroka gogoratu du. «Frantziaren harrotasuna» aipatu du Emmanuel Macron Frantzako presidenteak txio batean.

Mathilde Pannot Frantzia Intsumisoa diputatu taldeko buruak munduan zehar abortatzeko eskubidearen alde diharduten emakumeak izan ditu gogoan. «Zuen borroka gurea da, gure garaipena zuena da», erran du. «Gaur Frantzia munduaren aurrean dago, Frantzia ohoratzen ari da, berriz lotzen zaio giza eskubideen itsasargi izateko bokazioari». 

Abortuaren kontrakoek protestak antolatu dituzte Frantziako Kongresuaren inguruan. Vatikanoak agiri batean adierazi du «giza eskubide unibertsalen aroan» ezin dela «eskubiderik» egon «giza bizitza bat ezabatzeko». Baraualdira eta otoitzera dei egin du Eliza katolikoak.

Bi urteko ibilbidea

Azken urteetan, ekinaldi bat baino gehiago izan dira abortu eskubidea Frantziako Konstituzioan sartzeko, baina bakar bat ere ez da aurrera atera. Frantziako Kongresuak ontzat eman duen konstituzio aldaketa hau 2022an abiatu zen. Urte hartako ekainean, Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Nagusiak bide eman zion abortua debekatzeko aukerari. Horri erantzunez, zenbait alderditako parlamentariek zazpi lege proposamen aurkeztu zituzten emakumeentzako eskubide hori Frantziako Konstituzioan jasotzeko. 

Azkenean, Frantzia Intsumisoko Mathilde Pannot diputatuaren proposamenak egin zuen aurrera Asanblean, eta hura Senatuan eztabaidatu zutenean aurkitu zuten kontsentsua egin duen formulazioa, abortatzeko eskubidea idatzi ordez askatasuna aipatuta. Parlamentutik eratorritako konstituzio-aldaketa proposamen bat erreferendum bidez berretsi behar da berez. Hori saihesteko, Frantziako Gobernuak bere egin zuen, eta lege proiektua aurkeztu zuen. Urtarrilean eta otsailean bozkatu dute Asanblean eta Senatuan, eta ororen buru Kongresuak berretsi du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.