Emakumeen Eskubideen Auzitegia

Abortua ezin isildua

Emakumeen Eskubideen Auzitegiak saioa egin du Bilbon; Espainiako eta El Salvadorko gobernuak zigortzeko eskatu du fiskalakEpaiketa sinbolikoa da, andreen eskubideak ikusarazi nahi dituena; gaur jarraituko du

Justa Montero, Emakumeen Eskubideen Auzitegiko atzoko saioan, abortu eskubidearen urraketen ondorioak aurkezten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Espainiako eta El Salvadorko gobernuak zigortzeko eskatu du Emakumeen Eskubideen Auzitegiko fiskalak. Haren esanetan, andreen sexu eta ugalketa eskubideak urratzen dituzte bi gobernu horiek, eta, beraz, baita giza eskubideak ere, aborturako eskubidea mugatzen edo debekatzen duten heinean. Auzitegi sinbolikoa da emakumeen eskubideena, duela hogei urte elkartu zutena lehen aldiz, Vienan (Austria). Atzo Bilbon hasi zituen auzi saioak, eta gaur jarraituko du. Vienako auzitegi hartan partaide izan zen kideetako batek eman zuen sarrera atzo Bilbon, Helga Neumayerrek. Andreek hitz egiteko beldurra galdu zuten orduan, haren hitzetan. Atzo ere beldurra astinduta hitz egin zuten bi andrazkok Bilbon; abortua debekatu edo behaztopatu arren, ezin isilduzkoak suertatu ziren haien lekukotzak.

Gogorra izan zen Maria Teresa Riveraren testigantza. El Salvadorko emakumeentzako kartzela batean grabatutako bideoa eman zuten auzitegian. Espetxean dute Rivera, homizidioaz akusatuta. 2011ko azaroan, haurdun zegoela jakin gabe bere hitzetan, ondoezik esnatu gau batean, eta fetua galdu zuen. Konortea galduta, erietxera eraman zuten. Han, fetuaren heriotzaren errudun egin, eta kartzelatu egin zuten.

El Salvadorrek guztiz debekatua du abortatzea. 1997an aldatu zuten legea, aurrez abortatzeko onartzen ziren baldintzak ezabatuz. Harrezkero, kartzelarekin zigor ditzakete emakumeak; Riverari, esaterako, 40 urterako zigorra jarri zioten. Atzo, bideoaren aurkezleak labur eta zehatz eman zuen El Salvadorko egoeraren berri: «Han emakumeak ospitaletik kartzelara eramaten dituzte».

Gertuagokoa izan zen beste lekukotza; Nafarroakoa. Maria Garciak kontatu zuen orain urte batzuk haurdun geratu zela, nahi gabe. Mutil-lagunak utzi egin zuela, eta bere burua «oso bakarrik» ikusi zuela azaldu zuen. Baina orduan hasi omen zen konturatzen inguruan emakume askori gertatu zitzaizkiola antzeko egoerak. Baita bere ahizpari ere, nahiz eta ezer ez zekien horri buruz.

Garai hartan Nafarroan ezin zela aborturik egin, eta Donostiako klinika pribatu batera joan ziren. 300 euro pagatu behar izan zituen. Eta prozesua nola izan zen ere azaldu zien epaitegiko kideei. Salatu zuen legeak eman behar dituela aukerak emakumeek abortatu ahal izateko, «kriminalizatu, patologizatu eta errudun sentiarazi gabe». Eskatu zuen abortuak gizarte segurantzaren barruan egin ahal izatea, doan gainera. Eta administrazioei galdegin zien «sexu heziketa profesional eta kalitatezkoa» ematea.

Bi lekukotza horiek eman aurretik hitz egin zuen epaileen aurrean Justa Montero soziologoak. Auzitegiari azaldu zion abortuaren eskubidea mugatzea emakumeak «menpean edukitzeko tresna bat» dela. Areago: «Emakumeak egiaz beren bizitzaren jabe izateko beldurraren erakusgarri da abortu eskubidea oztopatzea».

Azterketa xehe bat egin zuen Monterok, abortatzeari trabak jarriz urratzen diren eskubideen zerrenda eginez. Hiru nabarmendu zituen: bizitza duina izateko eskubidea; duintasunerako eskubidea —«hainbatetan andreak behartzen dituzte beren bizitzak arriskuak jartzera»; torturarekin parekatu zituen egoera horiek—; eta osasunerako eskubidea. Horregatik, abortuak delitu izateari utzi behar diola defendatu zuen.

Salaketak eta gomendioak

Atzoko auziaren amaieran, Marta Doladok hartu zuen hitza, fiskal gisa. Abokatua eta Bilboko Auzolan modulu psikosozialeko kidea da Dolado, eta salaketa zehatzak aurkeztu zituen Espainiako eta El Salvadorko gobernuen aurka. Azaldu zuen Maria Garcia babestu egiten zutela Espainiako legeek berez, eta ez zuela ordaindu behar abortatzeagatik. Teresa Riveraren egoera salatu zuen. Gogorarazi zuen bi estatu horiek sinatuak dituztela nazioarteko tratatu eta hitzarmen zerrenda luzeak, non zehazten baitiren pertsonen eta, zehazki, andrazkoen eskubideak. Nabarmendu zuen nazioarteko araudi horiek giza eskubide gisa aitortzen dituztela andrazkoen sexu eta ugalketa eskubideak: «Eta aborturako eskubidea mugatzea giza eskubide oinarrizkoenak urratzea da».

Abortu eskubidea mugatuz urratzen diren eskubideen zerrenda luzea aurkeztu zuen Doladok ere epaimahaiaren aurrean: osasun arretarako eskubidea; norbere segurtasunerako eskubidea; askatasunerako eskubidea; pribatutasunerako eskubidea; garapen zientifikoak erabiltzeko eskubidea; eta kontzientzia eta sinesmen eskubidea. Horregatik, Espainia eta El Salvador zigortzeko eskatzeaz aparte, gomendioak egin zizkien: arauak eta legeak egokitzea nazioarteko tratatu eta hitzarmenen arabera; andrazkoen sexu eta ugalketa eskubidea bermatzea, sexu heziketa egokia ematea eta antisorgailuak eskuratzea ahalbidetzea; abortu seguru eta doakoa bermatzea; eta abortua despenalizatzea.

Doladok Espainiari ohar bat egin zion zehatza: abortuaren legearen erreforman eskubide horiek guztiak ez ahazteko. Eta El Salvadorri, beste bat: gobernuan dagoen alderdiari, FMLNri, eskatu zion eztabaida «serio eta zientifiko» bat abiatzeko abortua despenalizatzeari buruz. Fiskalaren eskaera eta gomendio horiekin amaitu zen atzoko saioa. Gaur jarraituko du auzitegiak, 10:30etik aurrera. Andreen aurkako indarkeria eta bizitza duin bat izateko eskubidea izango ditu aztergai.

Mugarik Gabe elkarteak antolatu du Emakumeen Eskubideen Auzitegia, beste 23 elkarte eta sindikaturen babesarekin. Duela hogei urte antolatu zuten lehen aldiz, Vienan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordearen bilera baten harira. Garai hartan mugimendu feministak antolatu zuen kanpainaren barruan kokatu zuten auzitegia. Kezka bat zuten: legeak «ikuspegi androzentrikoaren» arabera egiten eta interpretatzen direla, gizonen begietatik alegia. Zehazki, emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa gisa interpretatzea eta andrazkoen eskubideak «modu integralean» onartzea nahi zuten.

Helga Neumayerrek oroitarazi zuen epaitegi haren fruituetako bat: NBEk onartu zuen «emakumeen eta nesken giza eskubideak giza eskubide unibertsalen osagai zirela, osagai inalienablea eta zatiezina». Harrezkero, nazioarteko araudiak egokitzen joan dira, andreen eskubideak nazioarteko araudietan aipatuz eta giza eskubideen parte gisa onartuz. Eskubide unibertsaltzat jotzen dira. Orain beste bat da kezka: aitorpen juridikotik praktika errealera «amildegiak» sumatzen dituzte. Eta horiek azaleratu nahi dituzte Bilboko auzitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE