EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin du bikotekideari tratu txarrak emateagatik zigortutako gizon bat; Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak urte bat eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarria zion. Auzitegi Nagusiaren irudiko, baina, «ez dago ezer salatzaileak kontatutakoa berretsi eta zer gertatu zen egiaztatzen duenik».
Gizonak helegitea jarri zion Gipuzkoako auzitegiaren epaiari, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du. Bikotekideari tratu txarrak ematea, eta irainak eta mehatxuak egitea egozten zioten gizonari, eta, kartzela zigorra ezarri ez ezik, 87 egunez komunitatearen onurarako lanak egitera zigortu zuten; baita hemezortzi egunez une oro aurkitzeko moduan egotera ere.
Auzitegi Nagusiak, baina, indargabetu egin du epai hori, «egitateen balorazioan akatsa» egon zela argudiatuta. Gogoratu du biktimaren lekukotzak akusatuaren errugabetasun presuntzioa ahuldu dezakeela, betiere baldintza batzuk betetzen badira: sinesgaiztasun subjektiborik ez izatea, lekukotza egiantzekoa izatea —barne eta kanpo koherentziak berretsia— eta inkriminazioari eustea. «Alegia, berak baieztatutakoa ez dadila izan baieztapen hutsa, eta bestelako elementu gehigarriak ere izan ditzala». Lekukotza horrek balio dezake gertaerak frogatzeko, «baina ez automatikoki»: EAEko Auzitegi Nagusiak dio gainerako frogekin batera baloratu behar dela, arrazoizko oinarri bat sortzeko, ez epaitzen duenaren uste subjektibo hutsa».
Auzitegiaren ustez, kasu honetan, lekukotzaz aparteko frogek arrazoizko zalantza eragiten dute, eta epaitegiak in dubio pro reo printzipioa aplikatu behar du; hau da, zalantza izanez gero, akusatuaren alde egitea. Espainiako Auzitegi Gorenean jar daiteke erabakiaren aurkako errekurtsoa.
Bortz hilabeteko zigorra
Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiak, berriz, bortz hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohiaren bideo sexual bat Tiktok sare sozialean zabaltzeagatik.
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak aho batez onartu dute zigorra: gizona ez da kartzelan sartuko, baldin eta bi urtez ez badu deliturik egiten, baina denbora tarte horretan ezin izanen da emakumearengandik ez haren etxetik edo lantokitik 300 metrora baino gutxiagora egon.