Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak eman du berria: absolbitu egin du 2021ean Donostiako Bulebarreko aparkalekuan emazte bat bortxatu izana leporatzen zioten gizona. Argudiatu dute biktimaren deklarazioaren edukia ez dela nahikoa izan akusatuaren errugabetasun presuntzioa urratzeko. Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra galdegina zuen. Auzitegiak zehaztu duenez, ezin izan dituzte aparkalekuko kameretako bideoak eskuratu.
Joan den urteko azaroan iragan zen epaiketa, eta gertakariak kontatu zituen biktimak: Donostiako kasinoan ezagutu zuen gizona, eta makina batean jolasten lagundu zion, gaztelania gaizki ulertzen zuelakoan. Berantago, taxia itxaroten ari zela, ber gizona ikusi zuen berriz lurpeko aparkalekuaren sarreran; keinuka ari zitzaion eta aparkalekuko ordainketa egiteko zailtasunak zituela pentsaturik hurbildu zitzaion emaztea. Ondotik gertatu zen erasoa, emazteak kontatu duenez: aparkalekuko komunetan bortxatu zuen.
Gizona bi hilabete geroago atxilotu zuten.
Bi atxilotu Gasteizen
Gasteizen, berriz, bi gizon atxilotu dituzte asteburuan, indarkeria matxista egotzita. Larunbat goizean, udaltzainek 42 urteko gizon bat eraman zuten atxilo, haren bikotekideari eraso egitea leporatuta. Udaltzaingoaren arabera, Gasteizko Zaramaga auzora bertaratu ziren agenteak, gizon baten eta bi emakumeren arteko borroka zela eta. Emakumeetako batek adierazi zuen gizonak eraso egin ziola, eta ilobari laguntza eskatu behar izan ziola harengandik defendatzeko. Hori entzunda, udaltzainek gizona atxilotu zuten.
Igande goizaldean jazo zen beste erasoa. Lekukoek udaltzainei dei egin zieten, kalean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola esanez. Erasoaren lekura heltzean, agenteek emakumeak aurpegian eta lepoan zauriak zituela ikusi zuten, eta lekukoek gizonak eraso egin ziola baieztatu zuten. Udaltzainek atxilo eraman zuten 31 urteko gizona, indarkeria matxista leporatuta.