Nafarroako Justizia Auzitegiak absolbitu egin du Santiago Cervera PPko diputatu ohia CANeko zuzendari ohi Jose Antonio Asiaini xantaia egiteaz. Epaiaren arabera, ezin da frogatu xantaia eginez bidali zuten mezu elektronikoa Cerverak bidali zuenik. Halaber, haren gailu elektronikoetatik halako mezurik bidali zenik ere ezin dela frogatu ebatzi du epaileak.
2012ko abenduan Nafarroako Kutxako presidente ohi Jose Antonio Asiaini xantaia egin ziolakoan epaitu zuten Cervera ekainaren hasieran. Behin-behineko ondorioetan, fiskalak eta defentsak Cerveraren absoluzioa eskatu zuten.
Asiaini mezu bat igorri zioten 25.000 euro eskatuz, zenbait informazio ez zabaltzearen truke. Fiskalak argudiatu zuen ezin izan dela frogatu nork igorri zion Asiaini mezu hori. Akusazioak, ordea, hamalau hilabeteko zigorra eskatu zuen Cerverarentzat, mehatxuak egitea egotzita.
"Errugabea naiz, tranpa bat jarri zidaten". Bertsio horri eutsi zion Cerverak epaiketan. Hots, berak ere mezu elektoniko anomimo bat jaso zuela. Mezuaren arabera, informazio "garrantzitsua" utzi behar zioten Iruñeko harresian.
Ikerketaz arduratu zen Iruñeko Guardia Zibilaren kapitainak onartu zuen ez zutela "inoren aurkako" frogarik topatu. Hartara, Cerveraren aurkako elementu nagusia 2012ko abenduaren 9an egindako atxiloketa da, Iruñeko harresian. 24 orduko zaintza berezia jarri zuten, eta, guztira, 21 polizia inguru izan ziren operazioan.