"Auzipetuok espero dugun epai bakarra absoluzioa da". Horixe aldarrikatu dute gaur Udalbiltzako auzipetuek Donostian, haien aurkako epaiketa bukatu eta hiru egunera. 2003ko apirilean egin zuten Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, joan den uztailaren 15ean ekin zioten epaiketari, eta lehengo asteartean amaitu zen, auzipetuek azken hitza hartuta.
"Absoluzioa eskatzen dugu, frogatua geratu delako ez dela Udalbiltzaren jardueran inolako deliturik egon. Jarduera politiko, publiko eta zilegiak jarri dituzte auzitan, mugaz gaindiko udalerrien arteko jarduera administratiboak. Herri baten, Euskal Herriaren, onurarako besterik ez direnak", esan du Juan Carlos Alduntzin auzipetuak prentsaurrekoan. Berriro ukatu dute ETAko kideak direla, eta Udalbiltza "udalen eta hautetsien borondateen baturaz" egin zela -1999an-.
Haien ustez, Euskal Herriko udal erakudeak lan "baketsua" egin du, "inor baztertu gabe, sentsibilitate guztiak barnebildu nahian eta gure herriak pairatzen duen gatazka luzeari guztion eskubideen errespetuan oinarritutako konponbidea bilatzeko asmotan".
Azkeneko hilabeteetan jasotako babes handia eta askotarikoa eskertu dute.
21 auzipetu, zigor espetxe eskaerak
21 auzipetu daude Udalbiltza auzian. Fiskalak 20rentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatu du, ETAko kidetzat jota -Xabier Alegriarentzat ez du zigorrik galdegin-. Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuentzako 14 eta 23 urte arteko espetxea eskatu du. Defentsak, absoluzioa.
Udalbiltzaren aurkako frogarik ez dute aurkeztu
Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik ez dute aurkeztu akusazioek epaiketan zehar. Polizia lekuko batek aitortu zuen eraikuntza nazionalaren aldeko lanak ez duela esan nahi ETA babesten denik, eta Udabiltzaren aurkako frogarik ez daukatela.
Auzipetuek uztailean esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.
udalbiltza auzia
"Absoluzioa da espero dugun epai bakarra"
Udalbiltzaren jardueran deliturik ez dela egon berretsi dute auzipetuek. Asteartean bukatu zen epaiketa, eta auzipetuen aurka 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte fiskalak eta Dignidad y Justiciak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu