Pirinio Atlantikoetako prefeturatik departamendu mailako abstentzioa emateko usaia dute. Aldi honetan, %47,20koa izan da departamendu mailan. Zuriak %3,44, baliogabeak %1,86. Azpimarratzekoa izan daiteke aldi honetan, beraz, banaz bestekoa Ipar Euskal Herrian departamendukoa baino handiagoa izatea.
Izan ere, Ipar Euskal Herria orain arte bozkatzen den leku bat bezala ikus zitekeen. Nahiz eta azken aldietan abstentzio handia izan Ipar Euskal Herrian ere.
Igande eguerdian ere parte hartzearen datua 2011koa baino txikiagoa zen. Orduek aurrera egin ahala orain dela lau urte baino jende gehiago joan da bozkatzera departamenduetako bozetan Pirinio Atlantikoetan, eta 17:00etarako espero baino parte hartze handiagoa izan da departamenduan.
#bozak15 Pirinio Atlantikoetako parte hartzea %43tik gora (2011n %40 zen) segitu emaitzak @berria@IEHkohitza eta @EuskalHedabide-ekin
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) March 22, 2015
17:00etan 2011n baino hiru puntu handiagoa zen botoa eman dutenen kopurua Pirinio Atlantikoetan, aurreikuspenak hautsiz. Eguerdirako Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan %17,84koa zen parte hartzea, orain dela lau urteko bozetan baino ia 1,3 puntu txikiagoa.
24 ordezkari
Aurten lehen aldiz Iparraldeko hamabi kantonamenduetan batera egin dituzte Pirinioi Atlantikoko Kontseilu Nagusia aukeratzeko bozak. Kantonamendu bakoitzeko gizon eta emakume bat aukeratuko dute bigarren itzulian bozdunek (biak zerrenda berekoak); guztira, beraz, 24 ordezkari izango dira. Kontseilu Nagusiak 54 ordezkari izango ditu, Biarnon beste 30 aukeratuko baitituzte.
Lurralde erreformaren legea erabat bukatu gabe dagoenez, ordea, hautesleen artean interes falta sumatzen zuten adituek, eta ohartarazi zuten abstentzioak gora egin zezakeela.