Ainara Villano

Abstentzioa: igandeko irabazlea

2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Inkesten arabera, igande gaueko irabazlea ez da ez EH Bildu ez EAJ izango, abstentzioa baizik. Egia da inkestetan parte-hartzea kalkulatzea zaila, dela ausazko faktoreek eragiten dutelako; klimatologiak, adibidez. Nolanahi ere, inkestek ez dute uste %65etik gorako parte-hartzea egongo denik. Deigarria da hauteskunde-prozesu horrek parte-hartzea Euskadiko batez bestekoaren gainetik aktibatu ez izana. Hauteskunde-lehia handia dago, eta agenda politikoko gaiak herritarrak kezkatzen dituztenak izaten ari dira: Osakidetza, ekonomia eta etxebizitza.

Partaidetza-tasarik handiena 2001ean izan zen: %79koa. Hauteskunde horien ezaugarri nagusia Ibarretxe eta Mayor Orejaren arteko polarizazio bizia izan zen. Egia da testuinguru soziopolitikoa asko aldatu dela, eta eskerrak, baina hauteskunde hauetan boto gutxi batzuek Parlamentuko azken eserlekua erabaki dezakete, eta ezinbestekoak izan daitezke legeak aurrera eramateko. Egia esan, beheranzko joera dago urte hartatik gaur egun arte. Zer gertatzen da abstentzioarekin Euskadin?

Normalean, parte-hartzea hauteskunde-lehia handiko testuinguruan aktibatzen da. Biztanleriak uste duenean bere botoa erabakigarria izan daitekeela. Faktore hori sobera betetzen da hauteskunde hauetan. Era berean, esaten da desafekzioa eragiten duten faktoreetako bat agenda politikoaren eta agenda sozialaren arteko deskonexioa dela, eta kanpaina honetan, egia esan, euskal gizartea kezkatzen duten gaien inguruan ari dira hautagaiak. Behintzat, horrela izan da memoriaren gaia agendan sartu den arte, eta, bide batez, aipatu beharra dago gai hau ez dela agertzen biztanleriaren kezken artean. Beraz, parte-hartzea baxua baldin bada, ikertzen jarraitu beharko dugu zer gertatzen ari den Euskadin hauteskundeen parte-hartzearekin.

Egia da parte-hartze politikorako bestelako moduak daudela botoaz haratago, jakina: mugimendu sozialak, sindikatuak, auzo-elkarteak, GKEak... baina ez dut uste horra bideratzen ari direnik biztanleak. Izan ere, hirugarren sektoreak denbora darama pairatzen ari den giza kapital faltaz ohartarazten.

Argi dago hauteskundeen ondoren alderdiek gai honi buruzko hausnarketa egin beharko luketela parte-hartzea baxua bada. Euskadik garrantzi handiko erronkei egin behar die aurre datorren legegintzaldian: trantsizio energetikoa, zainketen krisia, krisi demografikoa... Erakunde politikoek ahalegina egin beharko lukete ahalik eta pertsona eta sentsibilitate gehienak legebiltzarrean ordezkatuta egon daitezen. Eta erronka horretan alderdiek erantzukizuna dute, hauteskunde garaitik kanpo ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.