«Zer nahi duzue egitea? Errumaniako jende talde bat bidaltzea ordaindu dezaten?» Harrabotsa eta kritika saldoa jaso ditu Iñaki Gurtubai Gasteizko Ogasun zinegotzi eta laugarren alkateordeak atzoko osoko bilkuran egindako adierazpen arrazistek.
EH Bilduk galdera bat egin zion Gurtubairi, udalarekin zorretan diren eta hari ordaindu nahi ez duten enpresei buruzkoa, eta Gurtubaik adierazpen arrazistak egin zituen erantzutean: «Haserretzen ari naiz. Zer nahi duzu nik egitea? Enpresa batek miloi bat euro zor digu, eta, erreklamazioa aurkeztean, errekurtso judiziala aurkezten dute. Zer nahi duzue egitea, Errumaniako kuadrilla bat bidaltzea ordaindu dezaten?».
Adierazpenak egin eta berehala, udal taldeak zein Gurtubaik berak barkamena eskatu zuen. «Erabat lekuz kanpo dauden hitzak dira. Horrelako hizkera ezin du inork erabili, are eta gutxiago ordezkari publiko batek».
EH Bilduko ordezkariek ere beren harridura adierazi zuten, eta Gurtubairen hitzak erabat lekuz kanpo daudela nabarmendu zuten. «Horrelako jokaerak eta esamoldeak onartezinak dira, are gehiago udal batean dagoen eta kargu publiko bat duen norbaitek egiten baditu».