Bunt Planet enpresako negozio garapeneko arduraduna eta kimikaria

Jon Koldo Izagirre: «Etorkizunean adimen artifiziala erabiliko da ur horniduraren sektorean»

Hodietako ur ihesak identifikatzeko teknologia berriak erabiltzen dituzte udal zein ur partzuergoek. Izagirrek azaldu du adimen artifiziala erabili beharra dagoela ur horniduraren sisteman.

Jon Koldo Izagirre Bunt Planet enpresako negozio garapeneko arduraduna. JON URBE / FOKU
Jon Koldo Izagirre Bunt Planet enpresako negozio garapeneko arduraduna. JON URBE / FOKU
Irati Egibar Izeta
Donostia
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Uraren zikloa zenbakiekin eta formulekin irudikatzen dute uraren kudeaketako adituek. Garbi ikusten da hori Bunt Planet Donostiako enpresaren egoitzan: bilera gelako horma oso bat hartzen du arbelak, eta, han, zenbait kolore erabilita, hainbat formula idazten dituzte egunero. Adimen artifizialeko adituek, ingeniari hidraulikoek, matematikariek, fisikariek eta kimikariek osatzen dute Bunt Planeteko taldea —iaz, Siemensek erosi zuen enpresa—. Jon Koldo Izagirre (Santurtzi, Bizkaia, 1961) enpresako negozio garapeneko arduraduna eta bertako kimikaria da; Izagirrek azaldu du adimen artifiziala erabiltzen dutela ur isuriak detektatzeko.

Lehengo astean egin zen Water Loss kongresua Donostian; ur isuriak detektatzen eta  konpontzen lanean dabiltzan mundu osoko erakundeek eta enpresek parte hartu zuten. Hiru egunez, zenbait gai landu zituzten, hala nola ur isuriak detektatzeko azken teknikak eta hodiek osatutako sarearen monitorizazioa. Bunt Planet enpresa izan da aurtengo kongresuko sustatzaile nagusia.

Nolako ondorioak atera dituzue Water Loss kongresuan?

Arrakasta izugarria izan du kongresuak: 620 pertsona etorri dira mundu osotik, 70 herrialdetatik. Argi geratu zaigu ur ihesen arazoa globala dela eta mundu osoak duela arazo bera. Hala ere, herrialde guztiek ez dituzte baliabide berdinak; kongresuak aukera eman du jakiteko herrialde bakoitza zertan ari den, baita ur ihesak detektatzeko munduko azken teknikak ezagutzeko ere.

Nola erabaki zenuten zuen jarduera uraren sektorean ardaztea?

Txingudi zerbitzuekin hasi ginen adimen artifiziala ur horniduraren sektorean txertatzen: produktu berezi bat garatu genuen haientzat. Hasieran, Bunt Planeten zeuden guztiek softwarearen garapenean egiten zuten lan, hau da, ordenagailu bati zer egin behar duen esaten dioten jarraibide edo programen multzoak sortzen egiten zuten lan, baina ez zuten uraren mundua ezagutzen. Txingudiko proiektua garatu zutenean, ohartu ziren adimen artifizialak ur horniduraren sektorean egon behar zuela.

Nola txertatzen da adimen artifiziala ur horniduraren sektorean?

Gaur egun, toki guztietan daude datuak. Gure azpian ur hodien sare bat dago, eta, noski, lur azpian horien milaka datu daude, bai emari neurgailuenak, bai ur analizagailuenak.... Datu horiek udalek edota partzuergoek jasotzen dituzte, eta eskala batean biltegiratzen dituzte. Guk hurrengo fasean egiten dugu lan: datu horiek analizatu eta haien balioak aztertzen ditugu, hau da, hodi bakoitzetik zenbat ur pasatzen den aztertzen dugu adimen artifizialeko plataformarekin.

Sektore bakoitzean hogei kilometroko hoditeria egon daiteke. Hodi multzo horretan arazorik badago, lehenbailehen aurkitu behar da ur ihesa. Adimen artifiziala erabiliz, hogei kilometro horietan egon daitekeen arazoa 300 metroko tarte batera murrizten dugu, hau da, txikitu egiten dugu ur ihesa egon daitekeen eremua. Ur isuria aurkitzeko denbora murrizten da, eta, beraz, ur askoz gutxiago galtzen da.

Nola egiten duzue hori?

Alde batetik, ur hoditerien mapa bat daukagu, era erraz batean esateko; bestetik, udalek edo partzuergoek eredu hidraulikoak dituzte, hau da, uraren fluxua deskribatzeko tresnak dituzte. Prozesuaren lehenengo fasean, hodietatik zenbat ur pasatzen den aztertzen dugu eredu hidraulikoen bitartez, eta baita iraganean hodi beretik pasatzen zen ur kantiatea ere. Datuak desberdinak baldin badira, eta ur gutxiago pasatzen bada, zientoka simulazio hidrauliko egiten ditugu ur isuria non dagoen jakiteko. Horretarako, Bunt Planeteko aplikazioa erabiltzen dugu, hau da, gure mapa propioa erabiltzen dugu simulazio hidraulikoak egiteko. Sistema hidraulikoa egiteko behar diren osagaien sinbolo guztiak daude aplikazioan, eta simulatzeko aukera ematen du zirkuituak eguneko neurriak kontuan hartuz, hala nola uraren fluxua eta presioa.

Adibide bat ematearren, Donostiako Udalarekin ari gara lanean, eta aurrerantzean 3.000 kontagailu jarriko dituzte datu horiek guztiak jasotzeko. Horietan jasotako informaziorekin,  alderaketak egingo ditugu gure plataforman, eta horrela atzemango dugu arazoa: ‘Kontagailu horrek kontsumo handia jaso du, eta hodi horretatik ur gutxiago pasatzen da...’. Ezin daiteke imajinatu ere egin zenbat datu jasotzen ditugun egunero.

Zein datu erabilita egiten dituzue alderaketak?

Teorian, iraganean hodi horretatik egun jakin berean pasatutako ur kantitatearekin alderatzen dugu. Udalak edo partzuergoek helarazten dizkigute datu historikoak, eta guk aurreko urteetako egun bereko datuekin alderatzen ditugu. Noski, beste hainbat faktore ere hartu behar dira kontuan: ea jaieguna den, ea sektore horretako kontsumoa aldatu den, ea eguraldi txarragatik zenbat ur pilatuko den... Datu horiek guztiak aztertuta, simulazio batzuk egiten ditugu: ‘Hodi horretatik hainbeste ur pasatu behar zen, baina ez da hala izan. Zergatik?’.

Gero eta datu gehiago izan, orduan eta emaitza hobeak izaten dituzue?

Orain arte kudeatu gabeko informazio gehiegi zegoen. Ur hodiez arduratzen diren erakundeek datu asko zituzten, baina ez zekiten nola kudeatu. Aprobetxatu gabe geratzen zen informazioa. Algoritmoen bitartez —arazo bat ebazteko eman behar diren urratsen deskribapena— , informazio hori guztia txukuntzen dugu, eta ondorioak ateratzen ditugu. Hainbat teknologia mota erabiltzen ditugu horretarako: adimen artifiziala, big data, biki digitala... gure plataforman zenbait teknologia nahasten ditugu jasotako datuak kudeatzeko.

Klima aldaketak ere bere albo ondorioak ditu. Nola eragiten dio ur saneamenduari eta hodien azpiegiturari?

Gaur egun, euri gutxiago egiten du. Lehen zirimiria egiten zuen urteko egun askotan; gaur egun, ordea, ia ez du egiten. Ur saneamenduan askoz ere ur gutxiago egotea ekarriko dute klima aldaketen ondorioek. Hala ere, ez da hori hemengo arazorik handiena, euria egiteko modua baizik. Euria egiten duenean askoz ere gogorrago egiten du: bat-batean ur kantitate handia biltzen da, eta gure azpiegiturak ez daude prestatuta ur hori guztia kudeatzeko. Horren ondorioz, arazoak sor daitezke hodietan. Izan ere, euria egiteko moduak asko baldintzatzen du hodien azpiegitura.

Herritarrak ohartzen dira klima aldaketak ekar ditzakeen arazoez?

Jendea ez da ohartzen zer-nolako garrantzia duen urak. Ez gara konturatzen egunero ura daukagula eta ur eskasiaren arazorik ez daukagula. Inolako arazorik ez edukitzeko, informazio asko lantzen da atzetik. Txingudiko ospitalea, adibidez, urik gabe geratzen bada, izugarrizko hondamendia gertatuko litzateke. Horixe bera ez gertatzeko, ospitalera iristen diren ur hodi guztien planifikazioa egiten da: hodien konponketena, ur ihesena... eta, noski, informazio hori guztia kudeatzeko erabiltzen da adimen artifiziala.

Etorkizunerako zer erronka dituzue?

Argi dago etorkizunean adimen artifiziala erabiliko dela ur horniduraren sektorean, eta horrek hemen ere txertatuta egon behar du. Mundu osoan dituzte arazoak ur isuriekin, eta Euskal Herrian baliabide onak ditugu arazo hori kudeatzeko, baina ditugun baliabideak aprobetxatu behar ditugu. Guk batez ere nazioartean egiten dugu lan: Alemanian, Costa Rican, Kanadan... Euskal Herrian lan gehiago egitea gustatuko litzaiguke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.