«Tresna hauek hemen izanda, zein izango da euskara ikasteko motibazioa?»

Unibertso digitalean euskarak dituen erronkez jardun dute EHUk antolatutako hitzaldi batean, eta azaldu dute zer estrategia behar diren adimen artifizialak dakartzan berritasunak ondo baliatzeko.

Astigarraga, Barañano eta Arregi, hiru hizlariak;  mahaiko hirugarrena Urtza Garai da, solasaldiaren gidaria. RAUL BOGAJO / FOKU
Astigarraga, Barañano eta Arregi, hiru hizlariak; mahaiko hirugarrena Urtza Garai da, solasaldiaren gidaria. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 30a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adimen artifizialari buruzko iragarpen hots handikoz beteta dago geroari buruzko iruditeria. Hizkuntzaren eremuan ere, tresna asko daude ja erabilgarri: itzultzaile automatikoak, testuen sorkuntzan gero eta abilago ari diren ereduak. Euskarari horrek zer ekarriko dion aztertze aldera, solasaldi bat egin dute gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia fakultatean: Euskararen erronkak unibertso digitalean. Adimen artifiziala. Euskararen Gogoetaguneko koordinatzaile Jon Sarasua atzerrian da, eta online parte hartu du. Fakultatean bertan izan dira gainerako hizlariak: Hitz zentroko ordezkari Xabier Arregi, Euskorpora proiektuaren zuzendari Leire Barañano eta Elhuyarreko ordezkari eta Orai NLP zentroko koordinatzaile Aitzol Astigarraga. Azken horrek mahai gainean jarri diruen galdeterako bat argigarria da teknologia berrien garapenak plazara atera dituen gaien tamainari neurria hartzen saiatzeko: «Tresna hauek hemen izanda, zein izango da euskara ikasteko motibazioa?». 

Bat etorri dira: lankidetza ezinbestekoa izango da bidean aurrera egiteko. Badu garrantzia. Izan ere, hilabeteotan, Euskorpora elkartearen abiaburua zein izan den ikusita, lankidetza horri buruzko dudak izan dira. Otsailaren 19an ekitaldi arranditsu bat egin zuen Jaurlaritzak Euskorpus egitasmoa aurkezteko. Azaldu zuen eremu digitalean euskararen presentzia «bermatzeko» berebiziko garrantzia izango zuela. Deigarria izan zen, hala ere, egitasmoa bultzatzeko eratu duten Euskorpora elkartean falta zirela euskara eremu digitalera eramateko langintzan ekarpen esanguratsua egin duten eragile zenbait: Hitz zentroa bera, kasurako, eta Elhuyar. Kritikak eragin zituen horrek. Eta aldaketak izan dira: apirilaren 1ean jakin zen Hitz zentroa ere batu dela elkartera. Zentro horretako ordezkari Arregik goretsi egin du gaur Euskorpora sortu izana. «Datuen kudeaketarako, Euskorpora oso albiste ona da».

«Nire ustez, adimen artifizialaz pentsatzeko faktore asko hartu behar ditugu kontuan»

JON SARASUA Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailea

Euskararen Gogoetagunea izeneko egitasmoa abian du Euskaltzaindiak; hura koordinatzen ari da Jon Sarasua, eta, teknologia berrietan aditu izan gabe, hizkuntza biziberritzeko sendoak izan daitezkeen bideen bila ari denaren begiradatik erreparatu dio gaiari. Gainerakoei, adituei, soilik helburu teknologikoekin ez jarduteko eskatu die. «Nire ustez, adimen artifiziala pentsatzeko faktore asko hartu behar ditugu kontuan». Uste du hori bideratzeko modua emango duen «herri estrategia bat» behar dela. Motibazioa sartu du ahantzi ezin diren irizpideen artean. Izan ere, Sarasuak ere bere egiten du kezka: «Adimen artifizialak oso erraz jar badezake dena euskaraz egitea, klik batean, zer gertatuko da euskaraz ikasteko motibaziorekin?».

«Erronka nagusia atzera ez gelditzea da. Hizkuntza nagusien errendimendua lortu behar genuke adimen artifiziala duten tresnak erabiltzen ditugunean»

XABIER ARREGIHitz ikerketa zentroko kidea

Auzi garrantzitsua da. Teknologia horien garapena ja oso aurreratuta dagoelako: ezin da hor atzera egin. Justu helburu nagusia hori dela esan du Arregik. «Erronka nagusia atzera ez gelditzea da. Hizkuntza nagusien errendimendua lortu behar genuke adimen arfiziala duten tresnak erabiltzen ditugunean». Bi erronka lehenetsi ditu. Bata, teknologian «burujabeak» izateko bideak urratzea, eta hor eredu «irekien» alde egitea: «Software libreak, datu irekiak». Bestea, berriz, lankidetzaren kulturan sakontzea, alegia, erabakigarriak diren agenteak identifikatzea eta bakoitzak zer «rol» joka dezakeen ebaztea. 

Euskara «txinpartaduna»

«Euskararen garapen teknologikoa nork egingo du euskaldunok ez badugu egiten?». Arregik berak gogora ekarri du urteotan hori izan dela arloan jardun dutenen leloa. Egun hori bera ere kolokan dagoela onartu du: atzerriko enpresa batek ere egin ditzake euskara garatzeko tresnak. Baina aldea igarriko da. «Hizkuntza txinpartaduna nahi badugu, guk egin beharko dugu». Egungo testuinguruan, ordea, horrekin bakarrik ez da aski. Autoek eta beste hainbat gailuk, adibidez, euskaraz jardutea nahi bada, ate asko jo beharko dira nazioarteko enpresekin-eta.

«Erdian teknologia jartzen dugu, baina teknologia hauekin euskararen biziberritzean lagundu nahi badugu, beste irizpide batzuk ere hartu behar ditugu kontuan»

AITZOL ASTIGARRAGAOrai NLP zentroko koordinatzailea

Astigarraga bat dator Arregirekin: «Burujabetza teknologikoa oso inportantea da». Sarasuari ere arrazoi eman dio: helburua euskara biziberritzea bada, bakarrik ezin dute, dena ez baita teknologia. «Guk teknologia sortzen dugunean, erdian beti teknologia jartzen dugu, baina teknologia hauekin euskararen biziberritzean lagundu nahi badugu, beste irizpide batzuk ere hartu behar ditugu kontuan». 

Barañanok nabarmendu du adimen artifizialak, batez ere, euskararako bidea «errazteko» balioko duela: «Euskararen presentzia erraztu behar dugu». Euskorporaren helburu nagusia tresna gero eta ahaltsuagoak sortzen lagunduko duen corpusgintza lantzea da. Eraiki nahi den etxearen zimenduak jarrita daude: «Abiapuntua ona da». Osatzea da helburua. «Puzzlearen pieza asko ditugu, eta orain lortu behar dugu guztiek bat egitea».

Gizarteratzeko lana

Egiten diren aurrerabideak jendearen gailuetara eramateak ere berebiziko garrantzia du. Astigarraga: «Askotan gailuak ez dauzkagu euskaraz konfiguratuta». Jendearen atxikimendua handitze aldera, langintza bat egin beharko litzatekeela uste du. Bat dator Barañano: «Diseinatu behar dugu hau guzti nola plazaratu, nola ezagutzera eman. Hori ere egin beharko da».

«Diseinatu behar dugu hau guztia nola plazaratu, nola ezagutzera eman. Hori ere egin beharko da»

LEIRE BARAÑANO Euskorpuseko zuzendaria

Mahai gainean jarritako galderen erantzunik ez dute eman. Gako batzuk eman dituzte. Astigarragak aurreratu du, esaterako, euskarari zein unibertso geratuko zaion: «Sortze hizkuntza izateari eman beharko diogu garrantzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.