Debekatuta egongo dira norberaren baimenik gabe erabakiak manipulatzeko teknikak; adinari edo egoera sozioekonomikoari lotutako ahultasunak ustiatzea; arrazagatik, pentsamolde politikoagatik edo erlijiosoagatik sailkapen biometrikoak egitea; leku publikoetan urruneko identifikazio biometrikoa erabiltzea —segurtasun indarrek salbuespenak izango dituzte—; eta gizakiei haien jokabide sozialaren edo ezaugarri pertsonalen arabera puntuak ematea, esaterako, diru laguntzak edo maileguak ukatzeko.
Adimen artifiziala arautzeko ahalegina da. Europako Batasuna horretan ari da. Araudi bat hitzartu zuen 2023an, eta iaz onartu zuen. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartu du bere lege proiektua, Europako araudia bere legedian txertatzeko. Berez, izenez, adimen artifizialaren erabilera onerako eta adimen artifizialaren gobernantzarako lege proiektua da. Ministroen Kontseiluak onartu eta gero, bide parlamentarioa hasiko du. Europakoa abuztuaren 2an sartuko da indarrean.
Adimen artifiziala garatzen duten enpresei erantzukizunak ezarri dizkie; gizakiek gainbegiratu beharko dituzte adimen artifizialeko ereduak; gardenak izan beharko dute; eta adingabeak babestu beharko dituzte. Horiek dira araudiaren oinarriak. Â
Arriskuaren arabera
Adimen artifizialeko aplikazioak sailkatu egiten ditu, haien arriskuaren arabera. Batzuk debekatuta daude. Izaera sexualeko bideoak sortzen dituztenak, esaterako. Grok aplikazioak hori egiten zuen. X sareko laguntzaile birtuala da, adimen artifizialean oinarritua: erabiltzaile batzuek, jendearen argazkiak hartu, eta aplikazioaren bidez biluztu edo irudi sexualak sortu zituzten, baita adingabeenak ere. Aplikazioak ez zuen hori eragozteko segurtasun neurririk.
Gizakiek etengabe gainbegiratu beharko dituzte arrisku handiko aplikazioak: horien artean daude langileak kontratatzeko erabiltzen direnak, «azpiegitura kritikoetakoak», mugak kontrolatzekoak, maileguak ebaluatzekoak... Arrisku mugatukoak izango dira gizakiekin harremana dutenak eta edukiak sortzen dituztenak. Gardenak izan beharko dute: erabiltzaileek une oro jakin beharko dute makina batekin dutela harremana eta agerian utzi beharko dute haiek sortutako edukia dela. Alegia, adimen artifizialarekin sortutako edukiek etiketa bat izan beharko dute: testuek, AI hizkiak; eta audioek eta bideoek, berriz, jakinarazpenak, adimen artifizialaren erabileraren arabera, hasieran, bukaeran edo eduki osoan.
Araudia betetzen ez dutenei isunak jarriko dizkiete: arinenak, 6.000 eurokoak; larrienak, 35 milioi eurorainokoak edo enpresaren fakturazioaren %7koak.