Adimen artifizialari buruzko ikerketaren eta ikerketa horren aplikazioaren arteko denbora tartea izugarri laburtu da. Enpresek, administrazioek eta garatzaileek ikertzaileek sortutako tresnak behar dituzte adimen artifizialean oinarritutako aplikazio praktikoak garatzeko. Espainiako Gobernuak ALIA (Hizkuntzarako eta Adimen Artifizialerako Aktiboak) proiektua bultzatu du, gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialetan —euskara, katalana eta galegoa— adimen artifizialeko tresna irekiak eta publikoak sortzeko, eta gero horiek nahi eta behar dituztenen eskura uzteko. Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak parte hartu du proiektuan. Itziar Aldabe (Beasain, Gipuzkoa, 1979) eta Xabier Arregi (Zubieta, Usurbil, Gipuzkoa, 1964) EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta Hitzeko ikertzaileak aritu dira ALIAn lanean. Tresna horien erabilera batzuk aurkeztu dituzte martxoan Donostian, eta aurkeztuko dituzte apirilaren 22an Bilbon.
ALIA, laburbilduta, Espainiako Gobernuak bultzatutako proiektu bat da, gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialetan adimen artifiziala garatzeko baliabideak eskaintzeko. Baliabide publikoak eta irekiak. Zer gehiago da?
XABIER ARREGI: ALIA, batez ere, transferentziari begira sortutako proiektu bat da. Adimen artifizialeko ikerketak sortutako tresnak garatzeko eta erabiltzeko. Ikertzaileok zerbait sortzen dugu, nonbait uzten dugu eta gero gure lanaren berri ematen dugu artikuluen bidez. Hor uzten duzun horri ez badiozu beste bultzada bat ematen, arrisku handia dago tiradera batean geratzeko eta inork kasurik ez egiteko. Orduan, Espainiako Gobernuak bultzada bat eman nahi zien adimen artifizialean sortu diren baliabideei: ezagutarazi, erabiltzeko moduan jarri eta jendeari erabiltzen lagundu.
ALIA ez dago herritarrentzat pentsatua, herritarrek erabiltzeko?
ITZIAR ALDABE: Ez dakit fase horretara iritsiko garen. Azkenean, guk enpresen, administrazioen eta garatzaileen eskura jartzen ditugu lortu ditugun baliabide horiek, haiek ezin dituztelako horrelako gauzak beren kabuz egin, produktuak edo aplikazioak garatzeko. Baina guk ez ditugu produktuak egiten.
ARREGI: Aintzat hartu behar da adimen artifizialean asko laburtu dela ikerketaren eta aplikazioaren edo produktuaren arteko denbora tartea, ChatGPTrekin gertatu den moduan. Baina, transferentzia lan hori egiteko, norbait behar da, eta ez da akademia edo ikerketa zentroa. Enpresek, garatzaileek eta administrazioek izan behar dute. ALIAko tresnekin ikusten dute aplikazioak egin daitezkeela nahitaez AEBetako enpresa erraldoietara joan gabe. Badaude Gemini, ChatGPT, Claude... baina horiek eredu itxiak dira. Haien erabiltzaile hutsa zara, ezin dituzu hartu eta moldatu, kutxa itxiak dira; aldiz, ALIAn sortutakoak baliabide irekiak dira, aukera ematen dute hartzeko, erabiltzeko, aldatzeko, osatzeko eta bertsio berriak sortzeko.
Kasu gehienetan transferentzia egiteko garatzaile bat beharko da. Ideia bat izanda edo premia bat ikusita ere, asko ez dira gai izango garatzeko.
ALDABE: Hori da.
ARREGI: Gauza batzuetarako ez da behar sekulako ezagutza. Egin daitezke gauzak sekulako ezagutza izan gabe.
«Gure apustua, hala sinesten dugulako, hizkuntza eredu irekien aldekoa da. Horrela elkarlana bultzatzen duzu eta ekosistema bat sortzen duzu»
ITZIAR ALDABE Hitz zentroko ikertzailea
Eman al ditzakezue ALIAn sortutako tresnek izan ditzaketen aplikazio praktikoen adibideak?
ALDABE: Adimen artifizialeko hizkuntza ereduez hitz egiten dugunean, askotan testuaz hitz egiten dugu, baina ahotsa ere badago. Badago proiektu bat 112 larrialdi zerbitzuko langileek deiak jasotzen dituztenean deitzaileak esandakoa transkribatzeko eta gako hitzak emateko. Horrek langileari estres gutxiago eragiten dio eta elkarrekintza hobea sortzen du. Ahotsean oinarritutako beste erabilera bat ere garatzen ari da, udalbatzetako hitzartzeak aktetara transkribatzeko.
ARREGI: Donostiako Miramar jauregiko jardunaldian beste erabilera bat erakutsi zen: fact checking-a egiteko aplikazio bat, hau da, gertaera edo informazio bat egiaztatzeko tresna bat. Kazetaritza munduan edo orokorrean informazioaren munduan oso interesgarria da. Gaur egun behar izugarria dago jakiteko zerbait benetakoa den edo ez. Hizkuntza ereduek horretarako aukera ematen dute.
Zer gehiago egin daiteke?
ALDABE: Aipatutakoak adibide soil batzuk dira, azkenean erabilera irudimenaren edo beharraren araberakoa izan baitaiteke. Hemen garatzen ari garen ereduek ere badituzte gaitasun horiek. Norberak egokitu beharko du bere beharretara. Milaka aukera daude, baita ChatGPT bat sortzea ere, zergatik ez? Gu probak egiten ari gara, eta ondo dabil. Elkarrekintza bat izateko gai da, horrelako sistemak garatzeko gai bagara.
Espainiako Gobernuak abiatu zuen ALIA. Abiapuntua eta oinarria gaztelania da. Euskarak zer leku du proiektuan? Zer ekarpen egin diozue?
ARREGI: Lehen bulkada gaztelania izan zen. Gure lehen lana izan zen esatea hizkuntza koofizialak ere hor zeudela.
Elkarlana egon da?
ALDABE: Bai, badaude eredu eleaniztunak. Elkarrengandik ikasi dugu.
Hizkuntza gutxituetan ari zaretenon artean konplizitatea sortzen da?
ARREGI: Zalantzarik gabe. Katalanekin eta galegoekin dugun konplizitatea ez da oraingoa. Hizkuntza gutxitua izateak konplizitatea sortzen du.

Zer eman dio ALIAk Euskal Herriari eta euskarari? Euskarazko hizkuntza eredua, Latxa, hobetu du?
ARREGI: Ikertzen jarraitzeko aukera eta baliabideak eman dizkigu. Garrantzitsua da gure ahotsa ere hor egotea, toki bat izatea ikerketa mailan.
ALDABE: Transferentzia egiten ari gara, enpresei gauzak eskaini dizkiegu, eta jauzia egiten ari gara. Horrek Latxa hizkuntza eredua hobetzeko modua ematen digu.
ALIAren helburua ez da Espainiako Gobernuak adimen artifizialeko eredu propio bat sortzea ChatGPTrekin, Geminirekin, Deep Seek-ekin... lehiatzeko?
ARREGI: Ez da helburua bere horretan.
Euskarazko eredurik garatuena eta aurreratuena zuena da, Latxa.
ARREGI: Garatuena, ahaltsuena eta handiena da, eta oraingoan dimentsioak asko esan nahi du. Etengabe probatzen dugu, proiektu bizia da. Hitz zentroak sortu du Latxa, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Ikergaitu proiektuaren bidez.
«Teknologikoki gaitasuna izatea eta ezagutza izatea funtsezkoa da, zeren bestela beste batzuen gain ari zara uzten, eta hori heriotza da, kito»
XABIER ARREGI Hitz zentroko ikertzailea
Adimen artifizialeko hizkuntza ereduena, erronka teknologikoa ez ezik, burujabetzari eta politikari dagokion erabakia ere bada. Badirudi herrialde bakoitzak eduki behar duela adimen artifizialeko bere hizkuntza eredua.
ARREGI: Egiteko modurik onena da teknologia zuk zeuk garatzea. Zuk ez baduzu garatzen, besteek garatzen badute, atzetik zoaz. Burujabetza teknologikoaren kontzeptua gehiago ikusten dut ahalduntze ariketa baten gisan: esatea gai garela eredu bat sortzeko. Horrek badu bere xarma, herri proiektu bat izateak. Adimen artifizialaren olatuak harrapatu gaitu, eta, horri aurre egiteko, zer egin behar dugu? Erabiltzaile eta ikusle soil izan behar dugu, edo geuretik zerbait jarri? Gure erantzuna, zalantzarik gabe, bigarrena da.
Jakinda agian ez duzuela hobetuko ChatGPTk eta Geminik euskaraz egiten dutena?
ARREGI: Ados, baina Latxa guk egindakoa da, hizkuntza komunitate baten proiektua da. Teknologikoki gaitasuna izatea eta ezagutza izatea funtsezkoa da, zeren bestela beste batzuen gain uzten ari zara, eta hori heriotza da, kito. Gaitasuna izan behar dugu hori egiteko. Horretarako jende prestatua behar dugu, adituak.
Badaude?
ARREGI: Zorionez, gaur egun Euskal Herrian badago jendea. Nazioartean aitortza jasotzen dugu, baliabide urriko hizkuntzek asko begiratzen dute Euskal Herrira. Hori garrantzitsua da, nahiz eta badakigun oraingoz ez garela iritsiko erraldoi teknologikoek sortutakoen mailara. Haiek beste maila batean daude baliabideei dagokienez.
Baina Latxa Euskal Herriko errealitatean oinarritutako eredu bat da, bertan sortutako edukiarekin elikatua.
ALDABE: Eta jakinda zertan oinarritua dagoen. Gure apustua, hala sinesten dugulako, hizkuntza eredu irekien aldekoa da. Horrela elkarlana bultzatzen duzu, eta ekosistema bat sortu.
ARREGI: Latxak akaso zeregin batzuetan ez du lortuko inondik ere beste eredu erraldoi horien maila, baina badakigu, gutxienez, euskara, euskal kultura eta gure herri izaera zainduko ditugula. Latxa plazaratzen denean, jendeak esango digu zer egiten duen ondo eta zer ez. Eta horrek hobetzera behartuko gaitu.
Latxa publiko bihurtzeak, jendeak erabiltzeak, eredua aberastuko luke?
ALDABE: Izugarri.
ARREGI: Eredua teknikoki hobetuko litzateke, eta soziolinguistikaren ikuspegitik eta hizkuntzarekiko atxikimenduaren aldetik, gustatuko litzaiguke jendeak proiektua bere sentitzea, pentsatzea garatzen laguntzen ari dela. Horrek badu balio erantsi oso garrantzitsu bat, eta ez sentitzea adimen artifiziala gainera etorri zaion zerbait dela.
Zeintzuk dira Latxaren hurrengo urratsak?
ALDABE: Ikerketari dagokionez, testua eta ahotsa bakarrik ez ulertzea, irudien tratamenduarekin ere gauzak egin ahal izatea. Gero, domeinuetara egokitzea: hizkuntza eredu hauek orokorrak izaten dira, munduaren ezagutza oso zabala eta egokia dute, baina gero, esaterako, medikuntzan aplikatzeko edo euskara ikasteko erabiltzeko, egokitu egin behar dituzu. Horretan ari gara.
ARREGI: Noizbait eredua publiko egin nahi dugu. Uste dut orduan gardenak izan behar dugula: publiko egingo den sistemaren ahalak eta mugak zein diren garbi azaltzea.