Adingabeak «eskubideen titulartzat» jotzen dituen lege proiektua onetsi du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak gaur onartu du Haurren eta Nerabeen Lege proiektua. Adingabeei politika publikoetan esku hartzeko bideak ireki eta «entzunak» izateko eskubidea bermatuko die.

Haur batzuk kalean jolasten, artxiboko irudian. IREKIA
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 27a
15:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Haurren eta Nerabeen Lege proiektua onartu du gaur. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du legearen xedea dela adingabeen oinarrizko giza eskubideak eta askatasunak bermatzea, «indarkeria eta babes gabezia mota guztietatik babestuta». Lege proiektuaren berrikuntza nagusia da haurren eta nerabeen interes gorena «eskubide substantiboa» izango dela; hau da, adingabeak, babestu beharreko subjektu izateari utzi, eta eskubideen jabe bihurtuko direla. Horrekin batera, adingabeek beren eskubide eta betebeharrei eragiten dieten politika publikoetan «modu autonomoan» parte hartzeko eskubidea izango dute. «Urrats erabakigarria da haur eta nerabeen eskubideak errespetatuak izan daitezen», laburbildu du sailburuak.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko 2005eko Legea dago proiektuaren oinarrian. Melgosak azaldu du nazioartean diren arauetara egokitu dutela legea, hala nola Haurren Eskubideei Buruzko Konbentziora eta Europako Batasuneko Tratatuetara, eta adingabeen babeserako «lege esparru sendoagoa» ondu dutela horrela. Azpimarratu duenez, Jaurlaritzak NBEko Haurren Eskubideen Batzordearen irizpide nagusiei erantzun nahi die; batez ere, haurrak indarkeriaren aurka «erabat babesteko» beharrari, indarkeriarik gabeko balioak sustatzeari eta horren inguruko kontzientziari dagokionez.

Adingabeei urratzen zaizkien eskubideak «berreskuratzea» eta «lehengoratzea» bermatu nahi dute arau berriarekin, Melgosak esplikatu duenez. Hartarako, administrazio publiko guztiek sustapen, prebentzio, arreta eta babes neurriak hartu beharko dituzte edozein indarkeria motaren eta familia eremuko «babesgabetasun egoeren» aurrean. Horrekin batera, legearekin «gatazkan» dauden haur eta nerabeekiko gizarte eta hezkuntza arloko esku hartzea ere aurreikusten du lege proiektuak.

Bestelako berritasunik ere badu lege egitasmoak: adingabeek eta nerabeek «entzunak» izateko eta haurren politiketan parte hartzeko eskubidea izango dutela, hain justu. Horrek esan nahi du Jaurlaritzaren barruan beste politika publiko batzuk zehazterakoan eragin txostenak egin beharko direla adingabeei eragiten dieten politika guztiekin. Hau da, lege berriak aurreikusten du onartzen den edozein arauri aldez aurretik egin beharko zaiola haurrengan eta nerabeengan duen eraginari buruzko ebaluazioa.

Sexu indarkeriaren biktima izan diren haur eta nerabeei «arreta integrala eta espezializatua» emateko zerbitzu bat sortzea ere jaso du proiektuak. Halaber, osasun mentaleko nahasmenduak eta muga funtzional larriak dituzten eta arreta sozial eta sanitarioa behar duten haur eta nerabeentzat unitate soziosanitarioak antolatuko direla dio testuak.

Hainbat organo eta tresna sortzea ere aurreikusten du lege proiektuak, hala nola Haur eta Nerabeentzako Erakunde Arteko Organoa, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haurren eta Nerabeen Foroa eta Haurrei eta Nerabeei Buruzko Informaziorako Euskal Sistema.

Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko du Jaurlaritzak, eta, Melgosak gaur esan duenez, ziur da legealdia amaitu aurretik onartu egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.