Eusko Legebiltzarra

Protokolo berriak eskatu dituzte adingabeen aurkako sexu abusuak atzemateko

Eusko Legebiltzarrak haur eta nerabeen aurkako sexu abusuei buruzko txosten bat onetsi du. Justizia haurtzarora egokitzeko galdegin du, biktimak berriro «biktimizatu» ez daitezen.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaurko saioa. JOSU CHAVARRI
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko azaroaren 23a
13:00
Entzun

Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei ahotsa eman zieten aurrena, adituen ekarpenak jaso zituzten gero, eta biktimen erreparazioa jorratzeko bidea urratzeari ekingo diote orain. Joan den legealdian hasi zen lanean adingabeen aurkako sexu abusuak aztertzeko sortutako lantaldea Eusko Legebiltzarrean, eta legealdi honetan amaitu du bere buruari ezarritako egitekoa: adingabeen aurkako sexu abusuei buruzko txostena ondu du, talde guztien babesarekin. Osoko bilkurak gaur onetsi du lana, aho batez.

Legebiltzarraren ustez, adingabeen aurkako sexu abusuak eskubideen «urraketa larriak» dira, «inpaktu sozial» handia dute, eta osasun publikoko «arazoa» dira, baina «hutsune instituzional eta sozial handia» dago indarkeria horren inguruan. Horrek denak «isiltasuna» ezarri du biktimengan, haien egoera «larriagotuta». Biktima askok oraindik irekia duten «zauria» ixteko lagungarri izan dadin landu dute taldeek dokumentua.

Adingabeen aurkako sexu abusuak aztertzeko lantaldean aditu eta biktima ugari agertu dira azken urte hauetan, eta haien ekarpenak funtsezkoak izan dira abusuen biktimei aurpegia jartzeko. Ekarpenak egin dituztenei entzunda, legebiltzarrak ondorioztatu du «oso nekeza» dela sexu abusuei buruzko informazioa eskuratzea, eta beharrezkoa dela gaiari buruzko ikerketak sistematizatzea. Hala ere, eskuragarri dauden datuei so, adingabeen aurkako sexu abusuen erradiografia egin dute. Erradiografia lazgarria: bost umetatik batek jasan du sexu indarkeria noizbait, biktima gehienak neskak dira –%78 eta %89 artean– , eta adingabeen kontrako hamar sexu erasotatik zortzitan erasotzailea familiako kide bat edo umearen ezagun bat izan ohi da. Erasotzaile gehienak gizonezkoak dira: hamarretik bederatzi.

Sexu abusuak prebenitzeko eta erreparatzeko gomendio sorta bat jaso dute txostenean. Besteren artean, hauek proposatu dituzte:

Erregistroa

Haurrei eta nerabeei buruzko lege «integral» bat egitea nazioarteko araudia txertatzeko; biktimen zaintza politika ororen erdigunean jarriko duen ikuspegia lehenestea; eta sarbide unibertsaleko sistema publiko bat ezartzea, haurtzaroan eta nerabezaroan biktima izan zirenei tratamendu terapeutikoa bermatzeko.

Legebiltzarraren ustez, haurren aurkako sexu abusuei buruzko edozein politika garatu ahal izateko, ezinbestekoa da haurren aurkako sexu abusuei buruzko datu eguneratuak izatea, eta, horretarako, behar-beharrezkotzat jo du biktimei eta erasotzaileei buruzko berariazko erregistro bat osatzea. Biktimaren datuak modu anonimoan jasoko lirateke: besteak beste, sexu abusu mota, biktimaren eskola, osasun eta familia eremua eta esku hartze maila zehaztuta. 

Hezkuntza eta osasuna

Sexu abusuek adingabeengan dituzten ondorioak ikertzeko beharra ere ikusi du legebiltzarrak, arreta eta erreparazio zerbitzuak egokitu ahal izateko. Era berean, prebentzioan, trebakuntzan eta sentsibilizazioan indarra jartzearen alde ere agertu da, eta eskatu du, batetik, hezkuntza zein osasun zentro bakoitzak sexu abusuak atzemateko protokolo espezifikoak lantzea, eta, bestetik, egun indarrean direnak eguneratzea.

Osasun arloan, besteak beste, eskatu dute adingabeen aurkako sexu abusuak pazientearen historia klinikoan jasotzea, biktimak arta integrala jaso dezan. Hezkuntzaren eremuan, berriz, ezinbestekotzat jo dute osasun mentalaren eta emozionalaren gaineko prestakuntza, eta hezkuntza afektibo-sexuala ezartzea haur eta nerabeen adin tarte bakoitzean.

Justizia

Kezka iturri handia da sexu abusuak pairatzen dituzten haur eta nerabeek justizia sistemaren partetik jasotzen duten tratua, askotan bide oso malkartsua egin behar izaten baitute beren kasua kontatzeko. Izan ere, haurren aurkako sexu abusuen %2 baino ez dira atzematen gertatzen diren momentuan –kasu gehienak, batez beste, lau urte igaro arte ez dira detektatzen– . Are: kasuen %15 bakarrik salatzen dira, eta salatutako kasuetatik, gainera, %90 ez dira iristen ahozko epaiketara. Gehienak artxibatu egiten dira, froga faltagatik. «Horrek esan nahi du adingabearen lekukotza ez dela behar bezain argigarria edo ez dela baliozkotzat jotzen», azpimarratu dute txostenean. Ez hori bakarrik: biktimek zailtasunak izan dituzte pairatutako indarkeria identifikatu eta salatzeko. 

%90

Zenbat kasu ez diren iristen epaiketara. Malkartsua da oso haur eta nerabeek justiziaren partetik jasotzen duten tratua, txostenean jaso dutenez: salatutako kasuetatik %90 ez dira iristen ahozko epaiketara, eta  gehienak artxibatu egiten dira, froga faltagatik.

Legebiltzarrak uste du premiazkoa dela biktimek eta beren familiek igaro behar duten prozesu judiziala samurtzea, haien eskubideak babesteko eta berriz biktimizatu ez daitezen. Izan ere, gaur egun justizia sistema ez dago haurtzarora egokituta, eta biktimek, batez beste, lau bider azaldu behar izaten dituzte pairatutako sexu abusuak. Adingabeen aurkako sexu abusuen inguruan 2019an eta 2020an emandako epaiak aztertuta, ondorioztatu dute hamar ebazpenetatik bitan baino ez zela proba aldez aurretik grabatu, epaiketara joan behar ez izateko.

Hain justu, prozesu horiek samurtzea bilatzen du Barnahus ereduak, eta horren alde egin dute txostenean. Biktimek propio haientzat atondutako toki bat da, aukera izan dezaten lekukotasuna emateko eta arta jasotzeko polizia etxeetatik eta ospitaleetatik igaro gabe. Barnahus eredua hedatzen den bitartean, legebiltzarraren gomendioa da behin-behineko instrukzio epaitegiak sortzea, dagokien baliabideekin hornituta, guardiako epaitegi gisa jardun dezaten.

Lan arloa

Gomendatu dute lan arloan berariazko araudi bat izatea haurtzaroan eta nerabezaroan sexu abusuak jasan dituztenek aukera izan dezaten laneko baja eskatzeko.

Erreparazioa

Biktimen erreparaziorako bidea jorratzearen alde egin du legebiltzarrak. Hartarako, eskatu du aintzat hartzeko indarkeria matxistaren biktimekin lantzen ari den egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez errepikatzeko bermeen arloan egindako lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.