Azkeneko bilera izan behar zuen atzokoak, baina ostegunean berriro batzartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoaren testu artikulatua idazteko enkargua daukaten bost legelari adituak. EITBk azaldu duenez, ia sei ordu iraun du bilerak, eta akordiorik gabe amaitu da; hortaz, etzi azkeneko ahalegina egingo dute Eusko Legebiltzarreko taldeek izendaturiko lantaldeak.
Mikel Legardak (EAJk izendatua), Iñigo Urrutiak (EH Bilduk), Arantxa Elizondok (EPk), Alberto Lopez Basagurenek (PSE-EEk) eta Jaime Ignacio del Burgok (PPk) larunbatera arteko epea zuten legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean hitzartutakoa testu artikulatu batera ekarri eta proposamena aurkezteko. Azkenean, datorren astelehenean utziko dute proposamena haren esku.
Bost adituek konfidentzialtasunez aritzeko agindua daukate, eta, hortaz, ez dago lantaldean izaten ari diren eztabaiden inguruko informazio ofizialik, baina, itxura guztien arabera, korapilo nagusia zera da: erabakitzeko eskubidea jasotzearen egokitasuna eta, jasotzekotan, horrek zelan agertu beharko lukeen. Talde politikoen adierazpenek ere ildo horretatik jo dute azken egunetan. EAJk behin baino gehiagotan esan du azken testuak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela, eta, esatera baterako, joan den igandean jeltzaleek Sukarrietan (Bizkaia) egindako ekitaldian, Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berretsi zuen «Autogobernu Batzordean eta gainerako leku guztietan» defendatuko dutela «gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko» eskubidea. PSE-EErentzat, aldiz, «marra gorria» da hori, eta askotan esan du ez duela horrelakorik onartuko.
Alderdien jarrerak ezagututa, ikusteko dago lege adituek nola askatuko duten korapiloa. EITBk aipatutako iturrien arabera, litekeena da erabakitzeko eskubidea ez agertzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriaren proposamenaren ohiko artikuluetan, baina hori aipatzea xedapen gehigarri batean.
Adituek urtebete eman dute agindutako lana egiten, eta, azken asteetan, hizpide izan da testu artikulatuak Autogobernu Lantaldean adosturiko oinarriak jasoko ote dituen. EAJren eta EH Bilduren arteko adostasuna zen oinarri horien harroina, baina azken egunotan EH Bilduk susmoa agertu du adituek proposatuko duten testua oinarri horietatik aldenduko ote den, eta, hortaz, erabakitzeko eskubidea jasotzeari uko egingo ote dioten.