'Parot doktrina'. Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena

Adituentzat, epaia loteslea da

Biurrun, Kalparsoro eta Uriak zalantzarik ez dute, Estrasburgoren ebazpena bete beharra dauka Espainiak

Garbiñe Biurrun JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinari buruz eman duen epaia bete beharrekoa da; beraz, Espainiako Gobernua behartuta legoke Ines del Rio presoa ahalik eta lasterren aske uztera, ebazpena behin betikoa ez izan arren, eta Espainiako Gobernuak helegitea jarriko diola iragarri arren. Hori diote Berria.info atariak kontsultatutako legelariek: EAEko Auzitegi Goreneko epaile Garbiñe Biurrunek, EAEko fiskalburu Juan Kalparsorok eta Espainiako CGPJ Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko eledun Margarita Uriak.

Biurrunen ustez, helegitea tramitatu eta ebatzi bitartean Ines del Riok aske beharko luke, auzitegiak berak kontrakoa ebatzi ezean: «Estrasburgoren erabakiak bete beharrekoak dira, eta Espainia behartuta dago epaia betetzera. Estrasburgok bakarrik utz dezake bertan behera, helegitea ebatzi bitartean, ez Espainiak». Kalparsororentzat ere argi dago: «Estrasburgoko doktrina bete beharrekoa da, Espainiak hitzarmen hori sinatu eta berretsi duelako. Estrasburgok dioenak behartzen du Estatua eta behartzen ditu epaileak». Uriak behin-behineko epaia betetzeko behar moral eta politikoa aipatu ditu: «Espainiak esan dezake ez duela ebazpena beteko, ez delako behin betikoa; baina juridikoki behartuta ez dagoen arren, moralki bete egin beharko luke, pertsona baten askatasunaz ari garelako». Uriarentzat, «zentzuzkoagoa» litzateke presoa aske utzi eta helegitea erabaki bitartean «ihes egiteko arriskua saihesteko neurriak ezartzea». Gainera, uste du nazioarteak ez lukeela onartuko helegitea onartu bitartean Del Rio kartzelan izatea.

Epaia kasu bakar bati dagokion arren, Parot doktrinapean giltzapetuta dirauten presoei zabaltzeko aukera badagoela uste dute hirurek. Orain, presoek beraiek eskatu beharko lukete Espainiako auzitegietan jurisprudentzia ezartzeko. «Auzitegiek jaramonik egingo ez baliete, beste auzi bat ireki ahal izango lukete, Espainiak badakielako gauzak gaizki egin dituela edo legea gaizki ezarri duela», dio Biurrunek.

Uria harago doa; helegitea aurkeztuta, Espainiak «arrisku handia» har dezakeela aipatu du, «gerta baitaiteke Estrasburgok helegitea ebaztean auzi jakin hau doktrinapean dauden beste guztiei zabaltzea». CGPJko eledunaren ustez, Estrasburgok badu «inorekin ez ezkontzeko fama»: «Erabakia besteei zabalduz gero, Espainia bere buruaren kontra ariko litzateke».

Uriaren ustez, epaia «kolpe juridiko handia» izan daEspainiarentzat «Parot doktrinarekin tematu direlako». Biurrunentzat, «espainiar sistema juridikoaren sinesgarritasunari eragin ez badio ere, epaiak frogatu du gobernua eta auzitegiak helburu politiko batzuk lortzen saiatu direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.