Agurne Gaubeka. Behatokiaren zuzendaria

«Administrazio askok beldurra diote euskararen aldeko neurriak hartzeari»

Zerbitzu publikoetan zein pribatuetan urratzen dituzte euskaldunen eskubideak, azaldu duenez.

Agurne Gaubeka,  Behatokiaren zuzendaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 14a
07:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kezkaz» begiratzen diote Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta haren zuzendari Agurne Gaubekak (Bermeo, Bizkaia, 1984) Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den kontsumitzaileen dekretu berriari, uste baitute hizkuntzaren arloan oraingoa baino «murritzagoa» izango dela.

Askotan uste dugu euskararen normalizazioarena hazkunde lineala dela, baina atzerapausoak izan dira aspaldion.

Hori da. Epaitegien sententzien harira, beldur gara Nafarroako helegiteen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan ere gertatuko ote den. Azkenaldian, laneko hizkuntza eskakizunak eskatu direnean edo azpikontratazioei betebeharrak ezarri zaizkienean, hainbeste sententzia atera direnez horren kontra, nabaritzen dugu administrazio askok beldurra diotela euskarazko zerbitzua eskaintzeko neurriak hartzeari, epaitegietan bukatuko dutelako. Hori gainditzeko, lege babes handiagoa behar dugu.

Pantailak Euskaraz taldeak ohartarazi du zinema emanaldien %1 bakarrik dela euskaraz. Zein da konponbidea?

Uste dugu eskaintza aktiboa egin behar dela eta inbertitu egin behar dela. Multinazional horiek eskaintzaren eta eskariaren parametroetan mugitzen dira. Gure ustez, oinarrizko eskubideak ezin dira parametro horien arabera bermatu. Merkatuaren logikatik atera behar dugu.

Esan duzue interes orokorreko zerbitzuetan (energia, telekomunikazio enpresak, finantza eta aseguru etxeak) ez dituztela errespetatzen hizkuntza eskubideak, lege betebeharrak eduki arren.

Bai. Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Dekretuan ez da inolako aipamenik egiten hizkuntzari buruz. Ipar Euskal Herrian ere ez dago inolako aitortzarik, baina Euskal Autonomia Erkidegoan bai. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Dekretuak zehazten du enpresa horiek betebeharrak dituztela fakturak, telefono bidezko arreta, seinaleak... dena euskaraz emateko, baina ez da inondik inora bermatzen. Lehen, merkataritza zentroetan gehiago zaintzen zen euskararen presentzia. Orain, askok ez diote egiten aitortzarik euskarari. Ez bakarrik langileentzako arretan: paisaia linguistikoan ere ez.

Tresna egokiagoak behar dira hori bermatzeko?

Eginbeharrak ez betetzeak ondorio batzuk izan behar ditu. Kontsumitzaileen dekretuko beste edozein neurri betetzen ez baduzu, zehapen edo ondorio batzuk izango dituzu. Hizkuntzaren arloan ez, eta uste dugu betebehar horiek zorrotzagoak izan behar dutela. Kontsumitzaileen lege berria aurten aterako da, eta uste dugu lehengoa baino are murritzagoa izango dela. Hori ere kezkaz bizi dugu. Oraingoaren arabera, diru laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek badituzte hizkuntza betebeharrak. Dekretu berriaren arabera, berariaz euskarazko diru laguntzak jasotzen dituztenek bakarrik izango dituzte betebeharrak. Beste guztiek ez dute betebeharrik izango hizkuntzari dagokionez. Ikusiko dugu nola geratuko den legea, baina ez diogu zantzu onik hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA