"Aldaketa bultzatzeko aukeratu dugu hautagairik onena, Nafarroako errealitatea oso ondo ezagutzen duelako, bazterketa eta jazarpena zer den badakielako, administrazioren errealitatea ezagutzen duelako eta esperientzia zabaleko kudeatzailea delako". Halaxe aurkeztu du Asun Fernandez Garaialde parlamentariak Adolfo Araizen hautagaitza. Abokatu tafallarrak hitzok eskertu eta maila hori gainditzeko itxaropena agertu du bere lehen hitzetan.
Ikusmin handiaren erdian, Tres Reyes hoteleko Navarra aretoa gainezka zela, foru hauteskundeetarako lehen urratsa egin du Araizek ofizialki. EH Bilduko pertsona ugarik zirkuluka babesa agertu diote. Bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez, Miren Aranoa, Pernando Barrena, Txelui Moreno, Aritz Romeo, Xabi Lasa, Juan Kruz Aldasoro, Nekane Perez, Victor Rubio, Bikendi Barea, Eva Aranguren, Dani Saralegi eta beste. Guztira, ehun pertsona inguru.
Hautagaitza aurkezteko bi arrazoi nagusi eman ditu Araizek. Batetik, "unea iritsi delako parlamentuan ere aldaketa gauzatzeko" eta EH Bildu proiektu politiko sendoa delako. "Orain dela urte batzuk ezinezkoa izango litzateke", baina, Araizen ustez, egun instrumentu politiko "sendoa da", batez ere etorkizunera begira.
Asun Fernandez Garaialdek gogorarazi dion bezala, hautagaiak zein koalizioak ondotxo dakite lehen istantetik eskuinak eta bere ingurune mediatikoak ez diotela batere bide erraza jarriko. Hala ere, Araizek irmo aldarrikatu du aldaketa aurrera eramateko lehen urratsa UPN gobernutik kentzea izango dela, eta hori aurrera eramateko berme bakarra dela koalizioa. "Aldaketaren bermea gara", adierazi du, eta gaineratu: "Amaitu da apartheid politikoaren garaia".
EH Bilduko hautagai berriaren arabera, azken legealdian erakundeetan egindako lanari zein kaleko mobilizazioari bultzada handiagoa eman behar zaio orain, eta garai historikotzat jo du oraingoa. "Nafarroari hitza emateko unea da, aldaketa plurala bultzatzeko unea". EH Bilduren ordezkari izateaz gain UPNren eta PSNren politikek kalte egindako sektore guztien ordezkari izango dela ziurtatu du.
Koalizioaren programaren ideia nagusi batzuk marraztu ditu. Alde batetik, politikariekiko mesfidantza zabaldu den honetan, konfiantza igorri du: "Fidatzeko moduko pertsonak gara. Nafarrek badakite ez dugula eskua kutxan sartuko". Era berean, ziurtatu du agintera helduz gero alfonbrak altxatu, astindu eta azken urteetako ustelkeriaren aurka gogor egingo dutela. EH Bilduren oinarria pertsona eta zerbitzu publikoen defentsa direla azaldu du. Bestetik, bigarren ardatz nagusia izango da nafar guztiek etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea.
Araizen profila
Adolfo Araiz duela 52 urte sortu zen, Tafallan. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbide lizentziatura amaitu zuen 1984an, eta NUPen doktoretza erdietsi zuen 2001ean. 1986tik abokatu gisa jardun du, eta HBko Mahai Nazionaleko kide izan zen 1991tik 1997ra arte, Auzitegi Nazionalak Mahai Nazionalaren aurka jo zuen arte. Beste hamazazpi kiderekin batera epaitua izan zen, eta espetxe zigorra ezarri arren, bi urte geroago, 1999an, Konstituzionalak zigorra bertan behera utzi zuen.
Nafarroako politikagintzaren lehen lerrotik at egon da azken urteetan, nahiz eta politikan esperientzia handia izan. Tafallako hautetsi izan zen 1987tik 1991ra. HBren parlamentari izan zen 1991tik 1995erako legealdian eta hurrengoan, epaiketa politikoa heldu arte. Parlamentari izan zenean, Itun Ekonomikoaren negoziazio batzordeko kide izan zen, baita Transferentzia Batzarreko kide ere. 2002tik iragan irailera arte Sakanako Mankomunitatean lan egin du, azken urteetan kudeatzaile moduan.